Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inaute herri

Dokumentuaren akzioak

Inaute herri

Ezarian. Inauteriak

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2012/02/15
Lotura
Berria

Denbora batez inauteri herri bilakatuko da Euskal Herria. Batzuek bukatuta dauzkate festak jadanik, eta beste batzuek gero hasiko dituzte, baina bihartik asteartera bitarte multzoa izango dira mozorroak dantzan jarriko dituzten herriak. Zerrenda luzea da egun gutxitan, baina ezin esan ospakizuna bakarra denik. Lekuan lekuko izena hartzen du, izan ere: inauteria, aratustea, karnabala... Europa osoa batzen du ohiturak, baina lekuan lekuko kolorea hartzen du ospakizunak. Euskal Herrian soilik baditu hamaika aurpegi.

Lantz

 

 

Epaiketa eta dantza

 

 

Igandean hasiko dira inauteriak Lantzen (Nafarroa), baina asteartekoa izango da egun handia. Festa eguna herritarrentzat, baita kanpotik heldutakoentzat ere. Jana eta edana ostatuan, eta mozorroen garia kalean: Miel Otxin, Ziripot, Zaldikoa, ferratzaileak eta txatxoak. Epaiketa bat irudikatzen dute, Miel Otxin lapurraren aurkakoa. Mendeak daramatzate kondenatu eta sutan erretzen, eta berriz errepikatuko dute prozesua aurten ere. Zortzikoa dantzatuko dute gero denek herriko plazan suaren inguruan.

 

Lesaka

 

 

Zaku zaharren kolpeak

 

 

Debekatuta egon zen denbora batez, baina berreskuratu egin zuten ohitura Lesakan (Nafarroa). Festa handia da egun inauteriena; tradiziozkoa eta egungoa. Etxeko zaku zaharrak belar idorrez bete, eta haiek jantzita ateratzen dira kalera herriko gazteak igande iluntzean (19:00), eskutan txerri maskuria dutela. Kolperik ez da falta, eta nabarmena da giro ona. Hori izaten da ospakizunaren unerik ezagunena, baina hori baino gehiago ere badira inauteriak. Karrozak izango dituzte, adibidez, astelehenean (12:30).

 

Mundaka

 

 

Atorrak, laminak eta kantuak

 

 

Atorrak eta laminak. Horiek dira Mundakako aratusteen ezaugarri bereziak (Bizkaia). Baita kantuak ere. Ator zuriz jantzita ibiltzen dira herritarrak kantuan, eta beltzez jantzita laminak. Umeentzako ekitaldiak izango dira nagusiki larunbatean, eta igandekoa izango da festa egun handia. Goizetik hasita, musika izango da nagusi. 12:30ean aterako dira atorrak, eta kalez kale ibilita, 14:00etan arituko dira kantuan portuan. Bazkalondoan aterako dira laminak. 18:00etan. Bitxia da tradizioaren jatorritzat aipatzen den gertakaria. Etxera mozkor heldu omen zen herriko noble bat, eta emaztea horretaz ohartu zenean, etxetik ihes egitea erabaki zuen gizonak, oharkabean emakumearen azpiko gona zuria jantzita. Hortik ator zuriena.

 

Laudio

 

 

Sorgina herritar artean

 

 

Leziagako sorgina ateratzear da Laudion (Araba). Larunbatean hasiko dituzte inauteriak, eta hura da pertsonaia nagusia. Orduan aterako da sorgina bere ezkutalekutik, eta herrian gora eta behera ibiliko da herritarrekin. Ez du luze iraungo, ordea, asteartean erreko baitute sorgina. Bitartean izango da zerekin gozatu, hala ere. Jana, edana, musika, baita mozorro lehiaketa ere.

 

Zalduondo

 

 

Markitosen kulpak

 

 

Trajea eta txapela. Giza itxura du, baina panpina bat da Markitos. Igandean asto baten gainean ibiliko dute Zalduondon (Araba), herrikoen bistan, bazkal aurrean. Makila luze batetik zintzilikatuko dute gero herritarrek urteko gaitzen erruduntzat jotzen duten pertsonaia, eta frontoira eramango dute. Ardi, hartz, aiton-amona, errauts jaurtitzaile eta porrero mozorroak jantzita ibiliko dira herritarrak. Kalean gora eta behera aritu eta gero frontoira eramango dute panpina, azkenik. Epaitu, errudun dela ebatzi eta erre egingo dute gero.

 

Altsasu

 

 

Odola eta sardeak

 

 

Kontrastea ez da nolanahikoa. Soinean daramatzaten jantzien zuritasuna eta animalia odolaren gorria. Buruan ardi larruak jantzita, eta eskutan sarde bat daramatela ibiltzen dira Momotxorro izeneko pertsonaiak Altsasun (Nafarroa). Astearte ilunabarrena haiena da herria. Baita Juantranposorena, maskaritena eta akerrarena ere. Baina festa goizean hasiko da. Puska biltzea egingo dute lehenik, eta jasotakoarekin egingo dute otordua gero. Aurrez, igandean umeen eguna izango da, eta inauteri izango da hilaren 25a ere.

 

Uztaritze

 

 

Zanpantzarren auzia

 

 

Bigarren asteburua du Hartzaro jaialdiak. Inauterien tradizioa eta arte sorkuntza uztartzen ditu Uztaritzen (Lapurdi) festa horrek. Ia desagertuak ziren inauteriak Lapurdin, 80ko hamarkadan hura berreskuratzeko lanetan hasi zirenerako. Ahalegin horren ondorioz sortu zen Hartzaro, eta hala eusten dio egun ere. Urtero ardazten dute egitaraua gairen baten inguruan, eta aurten burrunba hautatu dute. Perkusioa. Hainbat ekitaldi egin dituzte haren inguruan, eta gehiago izango dira asteburuan. Hala ere, asteartekoa izango da egun nagusia. 200 aktoretik gora izango dira 17:45etik aurrera Zanpantzarren auzia jokatzen. Epaiaren ondoren erraustuko dute, baina bizirik mantenduko da festa.

Dokumentuaren akzioak