Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iñaki Gonzalez (Simon Otxandategi Dantza Taldea): 'Berangon azken 60 urteotan etenik barik dantza talde bat dago bizirik'

Dokumentuaren akzioak

Iñaki Gonzalez (Simon Otxandategi Dantza Taldea): 'Berangon azken 60 urteotan etenik barik dantza talde bat dago bizirik'

Berangoko Simon Otxandategi Dantza Taldearen 60. urteurrena

Egilea
Koldo Isusi Zuazo
Komunikabidea
Bizkaie!
Tokia
bizkaie.biz 31.zkia.
Mota
Elkarrizketa
Data
2003/08/01

1. Zorionak Iñaki, Simon Otxandategi Dantza Taldearen 60. urteurrenean. Hogeita hamar urtetik gora daroazuz taldearen arduradun lez. Zelan motibetan dozuz taldekideak eta apurka-apurka taldera datozen kide barriak hasierako proiektua ahuldu eta desagertu ez daiten?



Eskerrik asko. Taldean 33 urte daroadaz. Egia esateko taldera jente asko dator jentearen aurrean dantzan egiteko aukerea emoten dogulako edo bertoko dantzak erakusteko atzerrira be joaten garealako, bidaia kulturalak egiten doguzalako eta bestelako arrazoi batzurengaitik...; motibazino hori ondo dagoala pentsetan dot baina sakonean euskal nazinotasun sentimenturik ez badago taldearen beraren eta norberaren oinarria ez da behar bezelakoa izango Dantza Taldeari beharrezko sendotasuna eta izakerea emoteko. Gauzak holan, zer garen, nor garen, zein herritakoak garen argi eukitea (hizkuntzea, folklorea, ohiturak...) nahitaezkoa da proiektua bera eta taldearen jarraipena sendoak izan daitezan.





2. Zeintzuk dira Simon Otxandategi Dantza Taldearen ezaugarriak edo taldearen nortasunaren adierazgarriak?



Otxandategi Dantza Taldeak Berangoko ongilearen, hau da, Simon de Otxandategi jn.aren izena hartu eban.



Dantzak, euskal folklorea eta Euskal Herriko bestelako kultur jarduerak jorratzen eta babesten dituan kultur talde lez ikusten dogu geure burua eta, horren harian, taldekideon alde sozialari aparteko garrantzia emoten deutsagu (lagunartekotasuna, lankidetza...). Dana dala, dantza taldea be bagara eta, jakina, euskal dantzak erakusten deutsaguz interesa erakusten dauen edonori. Beste kontu bat izango da dantzan ondo egitea ala erdipurdi; hori bai, argi esan behar deutsut edozein arazo tarteko, ez dogula INOR BAZTERTZEN, taldean mundu guztiak dauka bere lekua.





3. Zelan gogoratzen dozu orain 30 urteko taldea?



Gauzak asko aldatu dira. Orain 30 urte neska asko egozan taldean eta euren ardurea Mª Asun Mas and.arena zan; mutilak, barriz, oso gitxi ziran, dantzarako behar ziranak justu-justu. Sasoi haretan, ez geunkan ensaioetarako lokalik be eta gurasoak 'bildur' ziran euren seme-alabak dantza taldera bialtzeko orduan. Zorionez, sasoiko Berangoko parrokoa Lorenzo Salaberria jn.a zan eta hareri esker, parrokiaren jardueren artean, 'babes' osoa geunkan.





4. Zeintzuk izan dira taldeak bizitako momenturik ederrenak edo gozoenak?



Urteetan zehar normaltzat har daitekezan gorabeherakaz, taldea beti egon da osasuntsu eta egia esateko momentu ederrak ondo gogoan daukadaz; batzuk azpimarratzearren, hona hemen batzuk:



- Legezko Ikurrineagaz, jente-aurreko ekitaldia: “Ikurrin Dantza” 1975eko Berangoko jaietan. Ez daukat ez ahaztuteko, ikurrineagaz dantzan genbiltzala, jenteak arineketan hanka egitea handik bildurraren bildurrez.

- 1991n atzerrira egindako lehen bidaia be gogoangarria izan zan.

- Ospakizunen artean, 50. urteurrenekoak ederrak izan ziran.



5. Gaur egun zenbat taldekide zarie, taldearen jarraikortasuna bermatuta dago?



Gaur egun, nagusiak 50 gara eta txikiak, barriz, 60. Holan ikusita, esan leiteke taldearen etorkizuna bermaturik dagoala; dana dala, ona izango litzateke pertsona batek taldea 'baztertzen' dauenean, zeozelan taldean inplikauta jarraitzea. Azken boladan, taldea ixtea erabagiten dabenak ia-ia hartu-emon guztiak eteten dabez eta lantzean behin baino ez dira agertzen; kasurik onenetan, seme-alabak eukiten dabezanean, dantza taldera ekarten dabez.





6. Azken aldian Ituren eta Zubietako Zanpantzarra sartu dozue dantzen errepertorioan. Zelakoa izan da ikasketa prozesua eta zelakoa, barriz, erantzuna?



Zubietako Zanpantzarra baino ez dogu sartu errepertorioan. Egia esan, Iturengoa eta Zubietakoa antzekoak dira, jantzietan baino ez dira bereizten.



Ikasketa prozesua oso luzea izan da eta asteburuetan makinatxu bat ostera egin behar izan doguz Zubietara; bertako 'zaharrakaz' ordu asko emon doguz baina oso gustora ibili gara. Esan behar deutsut zintzarri edo joareak lortzea izan dala beharrik gogorrena. Zubietako gazteei ez jaken gustau guk Zanpantzarra ikastea eta zubietarren laguntzino barik, zelan edo halan geuk lortu behar izan genduan suarotzaren helbidea eta hortik aurrera ostera bat baino gehiago egin doguz Frantziara. Zanpantzarrak oso erantzun ona euki dau eta eskabide asko egiten deuskuez, ez bakarrik taldearen ekitaldien barruan egiteko baita Zanpantzarraren ekitaldi berezietarako be deitzen deuskue. Sei bikote eta kapitaina daukaguz.





7. Simon Otxandategi atzerrian ibilitako taldea da eta gehienbat Europako taldeakaz hartu-emon sendoak dozuez. Zeintzuk dira kanpoan egindako ekitaldi eta kontaktu horreen helburuak?



Bai. Gure taldea Italia, Alemania, Austria, Txekia, Holanda, Belgika, Kataluinia eta hor zehar ibilitako taldea da eta, benetan pozarren gagoz, gure taldeagazko eta, oro har, Euskal Herriko kultureagazko tratua zoragarria izan da.



Helburua nahiko argia da, kultura eta ohituren trukaketea hain zuzen be. Dana dala, atzerrira goazenean, kulturea eta bestelako gai batzuk izaten doguz berbagai eta aztergai, kontuan izan, alkarregaz 5-6 egun egiten doguzala eta, jakina, edozertaz berba egiteko astia egoten da. Kanpora joaten garenean, guretzat oso garrantzitsua da Euskal Herriaren ganeko gorabehera guztiak jakinarazotea gure lagunei, zeozelan Euskal Herriaren enbajadore sentitzen gara..





8. Taldearen 60. urteurrena ospatzeko nazinoarteko dantza eta musika jaialdia antolatu dozue abuztuko 15, 16 eta 17rako. Zelako aurrekontua dauka jaialdiak?, Berangora hurreratuko diran ikusleentzat zelako ikuskizuna preparau dozue?



Jaialdiaren izenburua "Berangoko Lehenengo Nazinoarteko Jaialdia" da eta asmoa, gitxi gora behera, hiru urterik behin era horretako jaialdia egitea da. Aurten, taldeak 60 urte bete ditu eta, berariaz azpimarrau gura dogu Berangon, azken 60 urteotan gitxienez Dantza Talde bat dagoala bizirik eta ETENIK BARIK.



Aurtengo Jaialdiaren aurrekontua 25.000 eurotik gorakoa da eta esan behar dot Berangoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzino handiari esker egin ahal izango dala.



Jaialdiaren zatirik handiena Lantzarteko landatan ipiniko dogun karpa erraldoian izango da eta bertan jesarlekuak eta mahaiak egongo dira. Sarrerea doan izango da. Edozelan be, abuztuaren 17rako Berangoko auzoetan taldeen emonaldiak antolatu doguz eguerdiko 12:00etan: Kurtxesen (Folklorite Heinkenszand, Holanda); Sabino Aranan (Tanz-und Speeldeel Ihna, Alemania); Karabiganen (Esbart Dansaire de L'orfeo Reusenc, Kataluinia); Lantzarten (Flint, Flandes); Axganen (St. Leonhard am Forst, Austria) eta Santa Anan (Simon Otxandategi, Berango). Ondoren kalejiran joango gara Lantzarteko zelaietaraino.



Esan beharrik be ez dago parte hartzaile guztiak kalidade handikoak dirala; bateren bat nabarmentzekotan, Alemaniako Tanz-und Speeldeel Ihna dantza taldea eta Belgikako Flint musika taldea aitatuko neukez.





Koldo Isusi Zuazo

Dokumentuaren akzioak