Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Imanol Urkizu: "Martin Zalakain ikuskizun indartsua dela esango nuke"

Dokumentuaren akzioak

Imanol Urkizu: "Martin Zalakain ikuskizun indartsua dela esango nuke"

30 urtetik gora daramatza Imanol Urkizuk panderoa jotzen. Larunbatean Arriagan estreinatuko den ‘Martin Zalakain’ ikuskizunean hartu du parte, beste hainbat musikariekin batera.
Komunikabidea
Karkara
Tokia
Orio
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/11/09
Lotura
Karkara

Zenbat urte daramatzazu panderoa jotzen?
35 urte inguru, esango nuke. Nire kabuz ikasten hasi nintzen. Egun batean edo bitan Loiola auzoko Imanol Iturbiderekin izan nintzen, hark zerbait erakutsi behar zidalako. Bi egun pasa ondoren ezetz esan zidan, ez zuela sekula irakasten, eta bere ustetan bi egunean bera baino hobeto jotzen ikasi nuela. Berriz ez itzultzeko esan zidan, eta nire kabuz ibili naiz ordutik. Perkusio ikastaro batzuk ere egin nituen kontserbatorioan, eta hango erritmo batzuk panderora ekarri nituen.

Panderoarekin asko esperimentatu duzu, beraz.
Bai. Gaur egun Euskal Herrian jotzen den pandero klasiko hori duela 30 urte nik diseinatutako pandero bat da. Galizira joan nintzen 92an, eta hango pandero egile bati eman nion marrazkia; niretzako egin nahi nuen panderoarena. 14 ale inguru bidali zituen Euskal Herrira, pandero joleen artean probatzeko. Gaur egun pandero hori dago hemen finkatuta.

Musikari ezagunekin aritu zara. Kepa Junkerarekin, esaterako.
Donostiako trikitilari batekin hasi nintzen, Miren Etxanizekin. Bingen Zupiriaren ordezko bezala sartu nintzen. Txapelketa batean bigarren egin genuen, uste baino hobeto, eta han Villabonako Martin trikitilariak esan zidan ea berarekin erromeria batean joko nuen. Trikitixa erakusten zuen, eta ni ere klaseak ematen hasi nintzen bertan. Zortzi urte inguru egin nituen.

Nekatu egin nintzen gero, eta utzi egin nuen. Orduan izan nuen Kepa Junkerarekin jotzeko aukera.  Kasualitatea izan zen Kepa Junkeraren buruan ere aldaketa hori egotea, eta aukera hori harrapatu nuen. Niri asko balio izan zidan, zenbait musika mota ezberdin deskubritzeko.

Banekien jazza zegoela, entzuten nuen pixka bat, baina ez gehiegi. Jazz, blues, folk, eta mundu guztiko musika ezagutzeko aukera izan nuen berarekin. Gauza asko deskubritzeko aukera eman zidan. Asko laguntzen du Kepak.

Bikoteka edo taldean jotzea nahiago?
Bakoitzak bere momentua izan du. Bikote bezala ibiltzen ginenean oso aberatsa izaten zen, hiri txikitara joan eta bertako jendeak ikaragarri estimatzen zuen egindakoa. Lehenengoetakoak izan ginen kitarra eta kaxa erromerian sartzen. Berrikuntza horiek eskertu egiten zituzten, eta momentu horietan oso gustura sentitzen zara.

Taldean eszenatokira igotzea ederra zen, ez zenuen amaitu nahi izaten. Beste mundu batean sartzen zinen. Hala ere, ez nintzen ni sentitzen taldean jotzen nuenean.

Panderoarekin egin ditut kolaborazio batzuk, eta erosoena bakarrik sentitu naiz. Pandero batekin, nik sortutako kantuak edo doinu zaharrak jotzen... Nik egindako lana niretzako bakarrik da, eta horrek bete nau.  

Nola jaso zenuen Martin Zalakainen kolaboratzeko eskaintza?
Juan Antonio Urbeltzek eta Argia dantza taldeak bi urtean behin ikuskizun erraldoi bat egiten dute. Azken bietan izan naiz panderoa jotzen. Doinu tradizionalak erabiltzen dituzte, eta doinu bakoitzerako instrumentu egokien bila ibiltzen dira. Panderojole bat behar zutela eta, parte hartzeko aukera eman didate aurten ere.   

Ikuskizunaren bueltan musikari asko elkartu zarete.
Bai, musikari mordoa. Iruñeatik etortzen diren dultzaineroak, Zopilotes Txiriaos taldeko musikariak, txistulariak, Galdakaoko eta Barakaldoko musikariak, bandurria jotzen duen Logroñoko bat... Istorio baten inguruan momentu honetan 120 pertsona inguru elkartu gara, Ander Lipus buru dela. Bera da kontakizunaren narratzailea.

Zer kontatuko du Martin Zalakain ikuskizunak?
Urbeltzek istorioak sortzen ditu, egiten dituen inbestigazioak oinarri hartuta. Orain Pio Barojaren Zalakain el Aventurero liburua erabili du. Liburu horren istorioa kontatzen da; antzerkia, dantza eta musikaren bitartez. Elkarrizketarik ez dago, baina gorputzaren interpretazioak kontatzen du istorioa. Ordu eta erdiko ikuskizun bat da, eta denetik uztartzen du kontakizunak: egoera barregarriak daude, tristeak, dramatismoa, festa... Ikuskizun indartsua dela esango nuke.

Imanol Urkizu: "Martin Zalakain ikuskizun indartsua dela esango nuke"

Dokumentuaren akzioak