Dokumentuaren akzioak
Imanol Urbietari omenaldia Zarautzen
Bidenabar, Iratzarri dantza taldearen 25 urtemuga ospatuko dute ekitaldian, eta 22.00etan hasiko da kiroldegian. Amaieran, Imanol Urbieta bera igoko da agertokira jendearen txaloen bero- tasuna jasotzera.
Lehen zatian, Urbietaren hiru kantu abestuko ditu Txinpirin abesbatzak (Zarautz abesbatzaren haur taldeak). Azokan, Pika hau eta Ole oleana dira kantu horiek. Eneritz Garmendiak zuzenduko du haur taldea.
Zarautz Txiki abesbatzak beste bi interpretatuko ditu, horiek ere Urbietarenak, Jo ta ke lanean eta Santiano. Jaione Eskuderok zuzenduko du taldea.
Eta lehen zatiari amaiera emateko, Zarauzko Musika Bandak Iratzarri dantza taldeak eta Zarautz abesbatzak Enrike Gonzalez Arroitajauregiren Herri txikiko jaiak pieza interpretatuko dute. Josu Isasti izango dute zuzendari.
Ekitaldi handia
Bigarren zatian helduko diote omenaldirako prestatu duten emanaldi handiari; Herensugearen kondai-rari, alegia. Guridiren Euskal hamar melodiak eta Barandiaranen Aralarko herensugea ditu oinarrian emankizunak. Tomas Araguesek egin zuen melodien bandarako moldaketa, eta Imanol Urbietarenak dira narrazioa eta kanta. Mixel Gorrotxategi aktoreak egingo ditu narratzaile lanak. Zarauzko Musika Bandak, Iratzarri dantza taldeak eta Zarautz abesbatzak hartuko dute berriro parte emankizunean. Bestalde, Santa Zezilia eguna ere datorren astelehenean izango da. Etziko emanaldiak, beraz, omenaldia, dantza taldearen zilarrezko ezteiak eta musikarien zaindariaren festa elkartu nahi izan ditu.
Dokumentuaren akzioak