Momix dantza konpainia prestigiotsua Arriaga Antzokira iritsiko da Alice ikuskizun berriarekin, eta ilusio, akrobazia, magia eta fantasiaz beteriko istorioarekin gozatzeko abagunean luzatuko du azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean.
Moses Pendleton koreografo entzutetsuak sortu eta zuzendutako Momix dantza-konpainia prestigiotsua Lewis Carrollen Alizia herrialde miresgarrian oinarritu da obra ikusgarria sortzeko. Konpainiaren dantzari/ilusionistek “gorputzak hedatzen dituzte, euskarrien, soken eta beste dantzari batzuen gorputzen laguntzarekin, irudi, ilusio, musika, tramankulu eta Phoebe Katzinek sortutako jantzi iradokitzaileez osatutako sekulako erakustaldia lagun dutela. Emaitza inpaktu bisual eta mugimendu sortzaile handiko ekoizpen bat da”.
Ikuskizunak kritikaren eta ikusleen aldetik arrakasta izan duten birak egin ditu hainbat herrialdetan, hala nola Italia, Estatu Batuak, Frantzia, Holanda, Israel, Txile, Uruguai edo Brasilen. Orain, Bilbora itzuliko da indar handiko ikuskizun batekin: Alice.
Arriaga Antzokiak Fair Saturday ekimenarekin bat egingo du aurten ere, azaroaren 30ean, larunbatean. Egun horretan, hainbat hiritako artista, kultur erakunde, talde eta espaziok bat egingo dute izaera kultural eta sozialeko mugimendu global bat osatuz, ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat babestuz. Horrela, larunbateko Alice obraren emanaldiek Fair Saturdayren jardueren parte izango dira.