Dokumentuaren akzioak
Ikuskizun erakargarria
Onegin
Pragako Antzoki Nazionalaren Baleta talde gaztea eta entregatua dugu. Eslabiar kultura eta historiako parametroetan kokaturik, Txaikovski errusiarraren musiketan oinarritu dira Modestov libretoegile eta Medvedev koreografo, zuzendari eta musikaren hautatzailea, Bilbon bere ikuskizuna emateko.
Nahiz eta Errusiako eskolaren eragina izan, txekiarrak beren eredu berezkoaren bila dabiltza, modu freskoago, zuzenago eta adierazkorragoan, baina beste maila apalagoan. Haien dantzek, jarrera eta urrats klasikoaren gainetik, pantomima, hazbegi esankorrak, denek ulertzeko moduko pasadizuak erakutsi zizkiguten.
Eugene Oneginen desamodiozko istorian, Jiri Jelin dantzaria besteen gainetik nabarmendu zen, dantza estilo landuago eta biribilagoa eskaini baitzigun protagonistaren rolean. Ondo lagundu zioten Podarilova bikotekideak, edo Pokorn Pokonak bikote aurkariaren roletan. Bakarkako urratsean eta Pas a deux dantza eboluzioetan egoki aritu ziren.
Taldeko dantzetan, aldiz, lortuenak amesgaiztoaren eskenakoak edo azken polonesa izan ziren. Besteetan, ahalegin adoretsuak egin arren, gorabeherak sumatu genituen koordinaketaren esparruan. Agian, sobietar eskolaren zurruntasunarekin batera galdu egin zuten ere talde diziplina?
Txaikovskiren hainbat konposiziotako zatiekin osatu zuten musika. Batzuk Errusia izengoitiaz ezagutzen den sinfoniatik, beste batzu Onegin operakoak, Eskutitza-ren aria edo balsa edo polonesa. Gehienak, berriz, errusiar konposatzailearen egokitzapenak ziren, modu onean bata bestearekin itsatsiak batzuk, beste batzuk ez horrenbeste. Orokorrean balekoak gertatu ziren.
Eszenografia funtzional eta arrunta, baliabide gutxirekin egina zegoen. Aipatzekoak, lehen esanak, amesgaiztoarena, edo handikien dantzakoa, gela nagusian. Arropak, bere sinpletasunean, dotoreak ziren: tulez, eta pastel koloretakoak, edo etiketazko luzeak, emakumeentzat; herrikoi armadakoak edo zeremoniazko uniforme militarrak gizonentzat.
Dokumentuaren akzioak