Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikuskizun atsegina

Dokumentuaren akzioak

Ikuskizun atsegina

Francesco Cilearen 'Adriana Lecouvreur'

Kantariak: Ainhoa Arteta, Bruno Ribeiro, Luciana d'Intino, Luca Salsi, Stefano Palatxi, Francisco Vals. Abesbatza: Bilboko Opera Koroa. Musikariak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Eszena zuzendaria: Lorenzo Mariani. Zuzendaria: Fabrizio Carminati. Koreografia: Igor Yebra. Lekua: Euskalduna jauregia. Eguna: urtarrilak 18.
Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2014/01/21
Lotura
Berria

Guztiz erakargarritzat jo dezakegu OLBEk eskaini digun Napoliko San Carlo antzokiaren ekoizpena. Izan ere, Francesco Cilearen Adriana Lecouvreur ez da askorik antzezten, beharbada lan hibridoa delako, bai izaeraz bai kalitateaz. Gure ustez, lortuago dago bigarren zatia aurrenekoa baino. Era berean, Ainhoa Artetaren abestaldia eta antzez moduak biribilagoak izan dira bigarrenean. Hor, melodramaren eta bel cantoaren saltsan murgildurik, sopranoak mesa di voce, filadoak eta kolorea atera baitzituen interpretazio betean. Aldiz, kezkatzen gaitu aurretik jaurti zituen beheranzko vibrato bortxatuak spianato kantuan. Bruno Ribeiro tenorrak particela osoa abestu arren, ez zuen eman rolak eskatzen zituen ahots spintoa eta antzezteko itxura. Berriz, Luciana D'Intino mezzo-sopranoak ahots sendoa eta iluna adierazi zuen gaiztoaren rolean. Gustatu zaigu Luca Salsi baritonoaren ahots eta fraseo atsegina eta garbia, ondo sartua bere rolean. Francisco Vals tenorraren abestaldia ere gustukoa izan da.

Maila handikoa izan da Fabrizio Carminatiren musika zuzendaritza Bilbao Orkestra Sinfonikoa bikainaren aurrean. Maisuak jatorriko interpretazioa ematea lortu zuen, eta hustu egin zen abeslariei eman beharreko sarreretan. Era berean, Lorenzo Mariniren eszena ( Bilbon Eleonora Gravagnolak eramana) animatua, dotorea eta koloretsua izan zen, bai arropen bitartez zein dekoratuetan edo eszena mugimenduetan plataforma mugikorren bitartez. Igor Yebra dantzariak meritu handiko koreografia eskaini zigun aberastasun handiko urrats eta irudiekin. Eszenaren leku eskasak murriztu egin zituen pas de deux-en hedapena Oxana Kutxeruk-ekin edo Yebraren Grand jetée izugarriak.

Dokumentuaren akzioak