Dokumentuaren akzioak
Ikuskizun «dastagarria» BAD jaialdian
'Bicho eres un bicho' estreinatuko dute gaur Idoia Zabaleta eta Filipa Francisco koreografoek Bilbon
Bicho liburua aurkeztuko dute, alde batetik, gaur Idoia
Zabaleta eta Filipa Francisco koreografoek, BAD Bilbo Antzerkia eta
Dantza Garaikidearen Jaialdiaren barruan. Ez da ohikoa bi koreografo
idazle lanetan ikustea; ez dira bakarrik aritu lan horretan,
«konplizeak» izan dituztela ere onartzen dute. Izan ere, proiektuaren
lehen asmoa ez zen liburua kaleratzea, performance bat osatzea bazik.
Buruan zuten proiektua gauzatu aurretik, elkar ondo ezagutu
behar zutela uste zuten Zabaleta eta Franciscok. Elkarri gutunak
bidaltzea otu zitzaien orduan, bakoitzaren usteak, asmoak, beldurrak,
proiektuak bata besteari kontatuz. Urtebetez egon ziren elkarri
eskutitzak bidaltzen. Denbora horretan izandako elkarrizketak bildu eta
liburu gisa aurkeztea pentsatu zuten; gaur aurkeztuko den Bicho liburua da horren emaitza.
'Performance' dastagarria
Hastapenetatik gogoan zuten performance-aren antzezpena ere egingo dute gaur, Bicho eres un bicho.
Gonbidatu bereziak ere izango dituzte taula gainean: Andoni Aduriz eta
Javier Bergara sukaldariak eta Ixiar Rozas idazlea. Artistek agertokian
ematen dutenaren inguruan egiten dute gogoeta Zabaletak eta Franciscok.
Hitzez hitz, antzezleak dastatzera gonbidatzen dituzte ikuskizunean.
Performance hau Menage a... programaren zati
da, sorkuntza garaikidea eta esperimentazioa bilatzea xede duena. Beste
hainbat ikuskizun ere jasotzen ditu jaialdiak, besteak beste, Thank you very much Vicente Arlandisena eta Blue Juan Dominguezena.
Dokumentuaren akzioak