Dokumentuaren akzioak
Iker Belintxon eta Maider Aginaga nagusi Errezilgo III. Dantza Txapelketan
Sanantonioak ospatu dituzte asteburuan Errezilen. Jai giro bikainaz aparte ekitaldi ugariz gozatu ahal izan dute herritarrek eta bertara hurbildu direnek. Musika, nahikoa jan-edana, kirol saioak eta festarako gogoa ez dira falta izan. Jende ugari hurbildu da herrian antolatutako hainbat ekimenez gozatzera. Horietako bat izan da, hirugarrenez, Gaztetandik Kultur Elkarteak antolatutako Dantza Suelto Txapelketa. Ikusle ugari bildu zuen igandean ordu eta erdi inguruko dantza saioak eta antolatzaileek «oso gustura» daudela adierazi dute. Iker Belintxon eta Maider Aginaga izan dira irabazleak. Guztira zortzi bikotek hartu zuten parte eta tartean Errezil bertako dantzariek ere. Hala, Julen Berrondo eta Nagore Berrondo hirugarrenak izan ziren etxean. Bigarren lekuan, aldiz, Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga sailkatu ziren.
Kirol Erronka, berdeentzat
Bestalde, San Antonio jaiei amaiera emateko kirol erronka ere jokatu zen. Jende asko bildu zuen zitak. Lau taldetan banatuta, harria jasozten, ergometroan, korrika eta bizikletan lehiatu ziren neska mutilak. Talde berdeak irabazi zuen lehia.
Honekin agurtu dituzte Errezilen hiru eguneko iraupena izan duten sanantonio jaiak.
Dokumentuaren akzioak