Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ihoteak iritsiko dira asteburuan Oiartzunera Inauteriak iragartzeko

Dokumentuaren akzioak

Ihoteak iritsiko dira asteburuan Oiartzunera Inauteriak iragartzeko

Kuestazioa auzo guztietan egingo dute eta bertan 300 lagunek hartuko dute parte.

Egilea
Aitziber Muga
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2012/02/08
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Ihoteak ospatuko dira Oiartzunen asteburuan. Ostiraletik igandera bitartean, intxixuak, sorginak, zakuak eta kuestazioa izango dira herrian, Inauterien aurreko asteburuan, Ihote taldeak antolatuta.

Festa girotzeko, antolatzaileek zakuz jantzi daitezen eskaera egin diete herritarrei eta balkoietan auzoetako banderak jartzeko deia ere luzatu dute.

Aurten, nobedade gisa, ostiralean eta larunbatean Doneztebe plazan txosna ere jarriko dute. Ostiralean intxixu eta sorginen etorreraren ondoren irekiko dute eta larunbatean, kuestazioko kalejira bukatutakoan.

Kuestazioa aurten ere auzo guztietan egingo dute. Urtetik urtera, gero eta jende gehiagok parte har-tzen du festa honetan. Aurten, 300 lagun baino gehiago izango dira. Goizean etxez etxe dantzan aritu ondoren, bakoitzak bere auzoan bazkalduko du. Arratsaldean, plaza inguruan bilduko dira guztiak.

Bestalde, egitarauaren ekintza garrantzitsuenak ostiraleko azeri dantza, Haurtzaro eta Elizaldeko dantzariekin (19.00etan); intxixu eta sorginei ongietorria eta auzoetako banderen igoera (19.30ean), larunbateko kuestazioa (9.00etan) eta kalejira Beheko plazatik Doneztebe plazara (18.00etan) izango dira. Igandean diana egongo da Lartaungo txistulariekin (9.00etan) eta haur jolasak (17.00etan) izango dira. Egitarau osoa oiartzun.org helbide elektronikoan aurki daiteke.

Atzoko aurkezpenean gogorazi zutenez, ihoteak Oiartzungo ondare kulturalaren parte dira. Ihote taldeak lan handia egin du azken urte hauetan ohitura berreskuratzen eta datuak biltzen. Udalak taldearen ekimenekin bat egin du eta bultza-tzen ditu, herriko ondare kulturala gordetzen eta ezagutarazten laguntzen duela eta. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditu asteburu honetan Ihote taldeak antolatu dituen ekintzetan parte hartzera.

Bide horri jarraiki, aurten, webgunea sortu du Ihote taldeak, Udalak lagunduta: www.kataxulo.com. Oraindik guztiz osatuta ez badago ere, lehenengo mugarria jarrita dago. Aurrerantzean, webgunea osatzen jarraituko du taldeak.

Jakinarazi zutenez, Ihote taldea ez da talde iraunkorra, baina dokumentazio asko du. Hori guztia digitalizatu nahi dute eta sarean jarri, edonoren eskura egoteko xedearekin.

Webguneak atal ezberdinak ditu: ihoteen historia, festaren azalpena, ikastetxeentzako material didaktikoa (ipuinak, marrazkiak...), argazkiak, bideoak...

Webgunea edonoren ekarpenak jasotzeko zabalik dago, eta baten batek ihoteen inguruko materialik baldin badu, bertara bidal dezake.

Asier Legorburu zinegotzia Ihote taldeko kideekin atzoko aurkezpenean

Dokumentuaren akzioak