Dokumentuaren akzioak
Ihauterien sasoia iritsi da
Ihauteak heldu dira Euskal Herrira eta horrekin bat, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko herrietan hamaika animazio eta ospakizun antolatuak dira otsailean zehar eta martxoaren hastapenean. Segidan aipagai karrikak kolorez eta euskal tradizioz beteko dituzten hitzordu nagusiak.
Zirtzil poteoa Baionan
Hilabetea ongi hasteko, otsailaren 3an, Baionako gau eskolak antolaturik, zirtzilek ibilaldia eginen dute karriketan zehar, 19.00etatik hasita, Biltxokotik abiatu eta hainbat gune pasatuz, Patxondo elkartean bukatzeko.
Santibate
Egun berean, Santibateko ospakizunak abiatuko dira Donibane Garazin eta Irisarrin. Baxe Nafarroako hiriburuan 18.00etan abiatuko dira Xuiketenetik eta gauerdik pasaturik, tripotx jatea izanen da. Egun batzuk beranduago, otsailaren 11n Donapaleun izanen da besta giroa eta otsailaren 25ean Baigorrin.
Libertimenduak
Santibateko ospakizunak eta gero, libertimenduak heldu dira. Dantzek, mozorroek eta antzerkiek udaberriari ongi etorria emanen diote. Hitzorduak hauek dira: Lekornen otsailaren 12an, Donibane Garazin 19an, Donapaleun 26an, Baigorrin martxoaren 5ean eta Hazparnen 11n.
Uztaritzeko Kaskarotak
Otsailaren 4an, Uztaritzeko Kaskarotek ibilaldia abiatuko dute Baionan. Ondoko asteburuan, Uztaritzeko Heraitze eta Arrauntz auzoetan etxez etxe ibiliko dira eta otsailaren 19an bukatuko dute itzulia, Uztaritzeko karriketan dantzatuz eta kantatuz.
Urruñako Kaskarotak
Urruñan, ihaute giroa otsailaren 18an hasiko da, 12.00etan plazatik abiatuko den kaskaroten etxez-etxeko ibilaldiarekin. Bestak hilaren 25an segituko du, mutxikoen desfilearekin, zanpantzarren auziarekin eta gauean iraganen den kontzertuarekin. Andoni Ollokiegi, Niña Coyote eta Chco Tornado eta DJ Bull izanen dira taula gainean 20.00etatik goiti.
Hartzaro Festibala
Otsailaren 4tik 21era bitarte, Uztaritzeko Hartzaro Festibalak Euskal Herriko tradizioa eta sorkuntza artistikoak elkartuko ditu, ihauteriak ospatzeko egitarau oparoaren bidez. Musika, dantza, antzerkia, gastronomia… neguko gertaera bazterrezina, udaberriari ongi etorria emateko.
Xiberoko maskaradak
Xiberotarrak urtarriletik ari dira ihauteriak ospatzen. Maskarada hitzordu andana proposatu dituzte aurten. Urtarrilaren 15ean abiatu zuten herriz-herriko antzezlan itzulia Maulen eta 22an Atharratzen zein 29an Pagolan izan dira gazteak. Otsailaren 5ean Mendikotan izanen dira, 11n Gamere-Zihigan, 19an Ürrüstoinen, 25ean Altzürükün, martxoaren 4ean Muskildin, 11an Idauze-Mendin, 19an Zalgizen, 26ean Urdiñarben, Larrainen apirilaren 4ean, Barkoxen 9an, Sohütan apirilaren 16an eta Maulen bukatuko da apirilaren 22an.
Beste hainbat hitzordu
Beste hainbat hitzordu badira ihauteriak ospatzeko, hala nola, Angeluko El Hogarren otsailaren 4an 15.00etatik landa izanen diren haurrentzako joko eta animazioekin, zanpantzarren auziarekin eta ‘Saltoka’ taldearen dantza ikusgarriarekin. Horrez gain, Biriatuko ihauterietan besta egiten ahalko da otsailaren 18an goizeko 10.30an hasiko den egitarauarekin. Xoldo ostatuan emanen diote bukaera Kaxkatu taldearen kontzertuarekin. Getarian otsailaren 25ean iraganen dira ihauteak, 17.30ean herriko plazan.
Ziburuko Sorgin Gaua martxoaren 10ean ospatuko da aurten, sorginak plazara ateratzeko prest izanen direlarik. Biharamunean ospatuko dira ihauteriak.
Dokumentuaren akzioak