Emeki emeki, negu beltz honetatik ateratzeko ospakizunak abian dira, ihauteriekin. Senpereko Zakuzaharrak elkarteak (lesakarrei harturiko izena) bere usaiako ateraldiak hasiak ditu, kantu, dantza, eta alaitasuna eskainiz herriko auzoetan, larunbatero.
Herritarrek, berriz, ez ahantzi harrera ezin hobea egitea, arrautze eta xingarra eskasean, edozoin janari eta edari ongi etorriak dira, denek partekatzeko gisan.
Etxez etxe eta kartierka Amotze eta Ibarrunen ibili ziren ilbeltzaren 21ean, Karrika Nagusian eta Olhan ilbeltzaren 28an; larunbat honetan, otsailak 4, Ergaraien ibiliko dira eta otsailaren 11n Urgurin izanen dira.
Otsailaren 18an ihauterien amaiera
Otsailaren 18an, Ihauterien amaiera izanen dute Senpereko plazan, SanPantzar-en epaiketa, omeleta lehiaketa, bazkaria eta hainbat kontzerturekin. Honela, 12:15ean aperitifa izanen da Xupz taldearekin. 13:30ean bazkaria Guk taldearekin. Bazkalondoan ere musika izanen da Andoni Oilokiegi abeslariarekin (18:00) eta Rakatapunk (20:00), McOnak (22:30) eta gauerditik aitzinera Doli Soinu Sistem taldeekin.