Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ihaute ala ez-ihaute?

Dokumentuaren akzioak

Ihaute ala ez-ihaute?

Egilea
Pauline Guelle
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2021/01/27
Lotura
Berria

Etxeetan hotza sartu zen azkarki orain duela hiru aste. Hotza eta elurra. Hala ere, etxeratze aginduz agindu doan gure trantsiziozko bizitzan, barnean egoteari usatu gintzaizkion. Usatu edo moldatu. Horregatik, aurten, ihauteriek pizten duten su berri hau sekula baino garrantzitsuago izanen da. Hotza, elurra eta karroina lagun, ateratzeko gogoa sortzen zaigun hori dira ihauteriak. Plazak harrotuz dantzaz, bertsoz eta antzerkiz, hau genuke sortze berria.

Egoera sanitarioagatik, ihauteriei lotutako ekimenak zalantzan jarriak ziren aurten. Izan libertimendu, kaskarot ala maskarada, ber galdera pausatzen zen: egin ala ez egin. Bi tendentzia aurreikusten genituen: bai ala bai, ihauteriak mantenduko dituzten taldeak, eta besteak. Segur aski kolektibo guziek eztabaida sutsuak ukan zituzten erabaki bat hartzeko. Horren ondorioz, agian, multzo bakar batzuk zatituko, desegingo edo kexatuko ziren.

Ihauterien funtzioetara itzuli beharko genuke, ospakizun ezberdinen zergatia biltzeko. Neguari agurraz gain, eta marmutzen jaikitzeaz gain, funtzio sozialak betetzen dituzte ihauteriek. Alde batetik, orden publikoa iraultzeko misio subertsiboa dakarte; bestalde, herria (gazteen bidez nagusiki) biltzeko aukera eskaintzen dute. Bi helburu horiek kontraesankorrak badirudite ere, bateragarri bihurtzen dira. Ordena eta subertsioa irudikatzen dituztenek ez diote bata besteari lekua kendu behar. Biak baitira jendartearen osagai. Ihauteriak, jendarte horren itxuratzea izatekotan, rol guzien beharra du. Halaber, garai honetan krisiak ekarri dituen kritikek, kexuek eta kezkek behar dute toki. Ber gisan, dantzaririk gabe, nola ordena irudikatu? 

Horrez gain, ihauteriek trantsiziozko egoera bat irudikatzen dute: neguaren eta primaderaren artekoa, gaztearen eta zaharraren artekoa, subertsioaren eta ordenaren artekoa… Beraz, ihauteriak egiteko, jendeartean atzematen ahal den pertsona bakoitza, osagai bilakatzen da. Jende ezberdinak bilduz, ihauteria osatzen da. Helburu hori segituz dugu lortuko gurearen irudikapena. Hots, guk egina eta gure gu horri zuzendua. Batasunaren eta subertsioaren arteko konpromisoa lortzeko bide bat proposatzen digu horrek. Plazatik kanpo beraz, eta batzuen faltarekin, nola gu hori irudikatuko genuke?

Ikuskizuna baino gehiago, libertimendua berriz erritu bilakatu da ihauterien garaian azken hamarkadetan Nafarroa Beherean, maskaradak iraun zuelarik Xiberoan. Horrek erakutsi digu ez ginela ihauterietara joaten ikusle gisa bakarrik.

Abian zara gu horren parte izateko. Hemen, aktorearen eta publikoaren arteko dikotomia hausten da. Izan zirtzil, buhame, dantzari, bertsolari edo beste, herritar gisa formak ez zaitu baztertzen.

Krisi garai horretan bizitzak segi dezan, herriko erritua biziarazi behar genuke, herritarrekin eta plazaren erdian. Gu garelako: «Ihaute!».

Dokumentuaren akzioak