Victoria Eugenia Antzokiak eta Malandain Ballet Biarritz Konpainiak elkarlanean jardun dute aspalditik. Hori dela eta, Thierry Malandainen eta Martin Harriagueren azken lanen inguruko entsegu irekia egingo da Victoria Eugenia Antzokian, bihar, hilak 4. Sortzaileek bi lan erakutsiko dituzte: Suzko txoria eta Udaberriaren sagaratzea, Igor Stravinkskiren musikaz giroturik dauden koreografiak.
Hortaz, bihar, Malandain Ballet Biarritzen unibertsoa ezagutzeko aukera izango duzue, izan ere, Thierry Malandainen Suzko txoria eta Martin Harriagueren Udaberriaren sagaratzea lanen zenbait zati erakutsiko baitira, eta horren ostean, ikusleek koreografo eta dantzariekin solasaldia egiteko aukera ere izango dute.
Igor Stravinskiren Suzko txoria eta Udaberriaren sagaratzea lanek koreografia asko izan dituzte Ballet Errusiarrentzat lehenengoz sortu zirenetik. Kasu honetan, Thierry Malandainek eta Martin Harriaguek beren jatorrietara jo dute. Biarritzeko balleteko zuzendariak bere espiritualtasun biblikoa itzuli dio jatorrizko ipuineko txoriari: argi-eramaile zerua eta lurraren artean. Martin Harriaguek, bestalde, Stravinskik berak azaldu zuen Udaberriaren sagaratzea lanaren argumentua hartu du oinarri, “gizakiaren pultsio telurikoa” taularatu nahian, obran zein partituran.