Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beasaingo dantza taldeek Igartzako Dantzarien Eguna ospatuko dute bihar

Dokumentuaren akzioak

Beasaingo dantza taldeek Igartzako Dantzarien Eguna ospatuko dute bihar

auzoko festetako egitarauarekin bategingo du jaiak

Egilea
Itziar Mujika
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2009/09/11

Beasaingo dantza taldeek, Igartzako kofradiaren babesarekin, Igartzako Dantzarien Eguna ospatuko dute bihar. Egun berezia izango da bai dantzarientzat eta baita herritarrentzat ere. Goizetik hasita herriko dantzak izango dira herritarren aurrean eta izen bereko jauregiaren inguruan eskainiko dituztenak.

Dantzariak eguerdian elkartuko dira udaletxeko plazan eta Igartza jauregira bitarteko ibilbidea oinez egingo dute, urteroko moduan. Bertan, zubian eta jauregiko inguruetan lehendabiziko dantzaldiak eskainiko dituzte El Vendrelleko (Katalunia) dantzari gonbidatuen laguntzarekin, 12.30etik aurrera. Ball de Pastorets eta Ball de Bastons taldeko ordezkariak izango dira hain zuzen ere bihar Beasainen herriko dantza taldeetako kideekin batera arituko direnak. El Vendrelleko dantzek Beasaingo dantzekin parekotasun handia dute eta guztiak aurrez aurre ikusteko aukera izango du bihar goierritar orok.

Lehendabiziko dantza erakustaldiaren ondoren sagardo eta odolki dastaketa egingo da 13.30ean eta 14.30ean herri bazkaria egingo da. Arratsaldean, 17.30etik aurrera, jaialdia egingo dute Igartzako jauregiaren inguruan. Aiko taldeak erromeria berezia eskainiko du beasaindarren aurrean, Euskal Herriko musika eta dantza tradizionalak ardatz hartuta. Beraz, hiru dantza taldeek eskualdeko nahiz lurraldeko dantzen erakustaldi zabala eskainiko dute.

auzoko jaiak Igartzako Dantzarien Eguna auzokideekin elkarlanean antolatutako egun berezia izango da aurten. Irailaren 12a larunbata delako, batetik, eta Igartza-Loinaz auzoko bizilagunek asteburu berean auzoko jaiak ospatzen dituztelako, bestetik. Honela, bi ekimenak bateratuta antolatzea erabaki dute bai dantza taldeek eta baita Igartza-Loinazeko auzotarrek ere.

Biharko eguna dantzak eta dan- tzariek gidatutakoa izango bada ere, gaur arratsaldean hasiko da jai giroa auzoan. 19.00etan jaurtiko dute suziria eta ondoren ardo eta txistorra dastaketa izango da gerturatzen diren guztientzat. 20.30ean, dastaketarekin batera, monologo emanaldia eskainiko dute herriko hainbat artistek. Gauean, 22.00etatik aurrera, Makulu-Ken taldeak gidatutako kontzertu gaua izango da. Gauerdia pasata, berriz, auzoko III. Txapel Jaurtiketa lehiaketa hasiko da.

Bihar, Igartzako Dantzarien Eguneko ekitaldien ondoren, herri afaria egingo da. Dj emanaldiak eskainiko dira ondoren, eta goizaldera arte auzokideek prestatutako ikuskizunak eskainiko dira.

Igandean ere izango da zer egina eta ikusia Igartza-Loinazen. Eguerdian herriko eta eskualdeko hainbat kirolarik herri kirol saioa eskainiko dute eta arratsaldean haurrentzako tailerra, pailazo ikuskizuna eta buruhandiak izango dira.

Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko hainbat kide Igartza eguneko aurreko edizio batean.argazkia: i.m.

Dokumentuaren akzioak