Dokumentuaren akzioak
Igandeko karroza desfile ikusgarriarekin borobildu dituzte Sunbillako inauteriak
Ortzirale eta larunbatean, gazteak auzoz auzo eskean, emakumeen afaria eta bertze hainbat ospakizun izan dituzte
Ortzirale goizean eman zioten hasiera inauteriei herriko gazteek Ariztigain kanpinean egin zuten gosari ederrarekin. Ondotik, bi taldetan banatu eta baserrietara eskean ibiltzera joan ziren, Joxe Angel eta Modesto akordeoilariekin. Ortzirale arratsaldean eskolako irakasle eta ikasleen kaldereroek iragarri zituzten inauteriak. Agerralde akordeoilariarekin dantza egiteko aukera izan zen eta gauean berriz emakumeen afariaren txanda izan zen. Aurtengoa 24. edizioa zen emakumearen afaria ospatzen zela. Bertan ehun emakume inguru bildu ziren.
Larunbatean ere gazteak herrian eskean ibiltzen dira. Arratsalde partean disko besta izan zen Ulibeltzak Elkartean.
Karroza desfile ikusgarria
Igandea, egun handia, paregabea, koloretsua, jendetsua izan zen. Karrozen desfilea izaten da herrian eta urtetik urtera ikusten da lan gehiago eta jende gehiagok parte hartzen duela. Lehen hiru karrozak betikoa eskaitzen diete ikusleei: salda (400 litro inguru), tortilla (150 arraultze-dozena), gaztainak, ardoa (150 litro) eta taloak gaztarekin. Hauen ondotik, sardina-saltzaileak eta arrantzaleak; Mexikoko Hildakoen eguna gogoratzen zuen karroza, mariatxi eta guzti; Hawaiko hondartza; komun handi bat, kaka eta guzti; golf zelaia eta golfista golfoak; Moskuko Plaza Gorria, bere kosako eta ejerzito gorriko militarrekin; ipotxen karroza bere onddo-etxearekin; Julio Verne idazlearen ‘Munduko Itzulia 80 egunetan’ eleberria irudikatzen zuten karrozek, Munduko hainbat txokotara hurbildu zituzten Sunbillara etorritako bisitariak, Wiily Fog eta Rommy printzesarekin batera; Frantzia, India, Londres, Egipto… Hauen ondotik, Hamelingo txirularia bere xaguekin eta Minions pertsonaiak ageri ziren, desfilea ixteko. Horretaz gain, torero bat Puigdemont, Rajoy eta Otegi zezenak toreatzeko prest azaldu zen.
Desfilea akitu eta gero, urteroko zozketa egin zuten, nahiz eta aurten sariak aldatu diren eta ez den zerririk zozketatu. Horren ordez, bi magra zozketatu ziren eta Hondarribiako Xalbador Gonzalez eta Urtasungo Marialen suertatu ziren sarituak. Bildotsa Elizondoko Aaron Altzugarairi egokitu zitzaion. 9.000 boleto saldu siren, egindako guztiak.
Dokumentuaren akzioak