Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Igandeko dantza saioa prestatzeko entsegu orokorra egingo du bihar Tobera Musika Eskolak

Dokumentuaren akzioak

Igandeko dantza saioa prestatzeko entsegu orokorra egingo du bihar Tobera Musika Eskolak

Zegamako dantza taldeetako lauk egingo dute dantza udaletxe aurrean San Bartolome egunean

Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Zegama
Mota
Albistea
Data
2008/08/20
Honako egitaraua prestatu dute emanaldi honetarako musika eskolakoek: Ertainen dantza-taldeak Agurra eskainiko du aurrena txistularien laguntzarekin, Boatitzea gero txistulariekin, eta Zinta-dantza azkenik txistulariekin. Txikiak B taldekoek Axuri beltza edo Jaurrieta izenekoarekin irekiko dute beren saioa, eta Kaxkarotz izenburudunarekin itxi. Biak txistulari-bandaren laguntzarekin egingo dituzte. Segidan Txikien A taldeak hartuko du lekua, kasu honetan ere txistulariekin batera hiru pieza eskaintzeko: Makil Handiakikoak, Banakoa eta Binakoa. Jarraian Berrien taldeak Zazpi jauzi, Txulalai, AbaltzisketakoTxantxoak eta Aulki-dantza eskainiko ditu, lehenengo biak txistu-bandak musikatuta eta hurren biak trikitilariek. Bukatzeko, talde denek elkarrekin erromeria-kutsua jarriko dute, trikitixa- eta pandero-ikasleek lagunduta. Fandangoa, Arin-arina eta Biribilketa plazaratuko dituzte. Dantza-ikasle parte-hartzaileek egun horretan goizeko 11etan agertu beharko dute kultur etxera.
Igandeko emanaldi honi begira, bihar, hilaren 21a, entsegu orokorra egingo dute talde denek eta musikariek. Guztiak Aitxuri Herri Eskolan elkartuko dira arratsaldeko 18:30ean.
Ikasturte berria, hastear
Bestetik, Tobera Musika Eskolatik gogorarazten dute 2008/2009 ikasturteari irailaren 8an ekingo diotela, astelehenez. Aurretik, irailaren 2an, ordutegi-banaketa egingo dute. Data horretatik aurrera jarriko dira Zegamako Aitxuriko sarreran eta Segurako kultur etxeko kanpoaldeko iragarki-taulan taldekako irakasgaien ordutegiak (musika-hizkuntzakoak eta dantzakoak, alegia). Egunean bertan, aldiz, bakarkako irakasgaien edo musika-tresnatakoen ordutegiak banatuko zaizkie aurrez aurre ikasleei. Hala, irakasle bakoitza maiatzean matrikula egindako ikasleetako bakoitzarekin elkartuko da ordutegirik egokiena elkarrekin zehaztu ahal izateko. Zegaman arratsaldeko 5:30ean izango da Aitxurin bertan, eta Seguran 7etan musika eskolaren egoitzan. Eskolak estreinakoz hasiko dituztenen artean helduen talde bat ere badago, Tobera Musika Eskolak musika-zaletasuna piztearen alde egiten duen lana haur edo gazteengana bakarrik bideratzen ez duenaren erakusgarri.

Dokumentuaren akzioak