Dokumentuaren akzioak
Igandean muxikoen hiriburu bilakatuko da Hondarribia
Bigarren Muxiko Eguna egingo dute igandean (hilak 14) Hondarribian. Iazko ekitaldi arrakastatsuaren ondoren, bigarrena antolatu dute Hondarribiko Zumardikoak eta Irungo Lagun Artea elkarteek. Euskal Herri osotik ehunka dantzari hurbiltzea espero dute antolatzaileek.
Egun osoko festa izango da, hirian zehar mugituko dena, gainera. Alde Zaharretik hasi, Portua zeharkatuz eta Hondartza auzoraino. Hilean behin Hondarribiko muxikoak egin ohi diren tokian hasiko da jardunaldia, Damarri plazan, 11:30ean. Bertatik abiatuta, eta erraldoi konpartsaren laguntzarekin, Arma Plazara igoko dira parte hartzaileak.
Lehen ekitaldi nagusia bertan egingo dute, Arma Plazan. 12:00etan hasita, txalapartarien saioa egingo dute lehenik. Ondoren, lehen muxiko saioa, Jaiki Hadi taldeak lagunduta. Ordu bata aldera, Portura bidean jarriko da taldea, erraldoiak eta trikitilariak aurretik, eta dantzari marea haien atzetik.
Bazkaria eta bazkalostea
Ikusteke dago zenbat dantzari bilduko dituen bigarren muxiko egunak, baina kopuru bat behintzat ziurtatuta dago. Izan ere, 400 elkartuko dira Ardora jatetxean bazkaltzen. Hori marka!
Indarrak hartu eta gero Hondartza kiroldegira mugituko dira —jatetxe ondoan dago—, eta bertan egingo dute arratsaldeko ekitaldi handia. 17:00etan hasiko da arratsaldeko muxiko festa. Iruñeko Ortzadar taldeak jarriko du musika, 19:30ak arte.
Dokumentuaren akzioak