Dokumentuaren akzioak
Igandean hasiko dira Goizuetako inauteriak
Urtero bezala astearte arratsaldean dantzatuko dute gazteek zagi dantza herriko plazan
Igandean, esaterako, herriko txikienak izanen dira protagonistak arratsaldeko bostetan Zagi Dantza dantzatuko baitute plazan. Ondoren, 19.00ak aldean, dantzaldia izanen da plazan aresoko Jaione Olazabal eta Jon Gurrutxagarekin.
Inauterien bigarren eguna eskeko eguna izaten da, gazteak etxean bilatutako arropa berezienak soinean jantzita joaten baitira etxez-etxe eta baserriz-baserri egun osoan zehar. 08.00tan abiatuko dira eta arratsaldean ailegatzea espero da. Ondoren, 16:00tan, herriko hainbat gurasok antolatutako umeen zirko bat izanen da Goizuetako kaleetan zehar eta gero, txokolatada eginen dute umeentzat gorputzak berriz ere indarberritzeko.
Mozorrotutakoak 18.30ak aldean ailegatuko dira herrira eta etorrera eginen zaie dultzaineroen doinuekin alaituta. Ondoren, dantzaldia izanen da plazan Legoyaren eskutik.Gaueko hamarretarako, berriz, mozorroen afaria antolatu da eta gero, 23:30 tan, dantzaldia eskainiko du berriz ere Legoya taldeak herriko plazan.
Asteartea izango da urtero bezala egun indartsuenetariko bat eta goiz hasiko dira ekitaldiak egun horretan. Izan ere, mozorroen gosaria eginen da 09:00tan eta ordu bete beranduago aterako dira hauek kaleetara. Eguerdian herri bazkaria izanen da berriz ere eta ondoren, 16:30tan, urteroko Zagi Dantza dantzatuko dute herriko gazteek Goizuetako plazan.
Inauteriak ongi amaitzeko dantzaldia izanen da TZ taldearekin herriko plazan eta ondoren herri afaria eginen da. Oraindik ere indarra daukatenek plazara bueltatu ahal izango dute TZ taldeak musika eskaintzen jarraituko baitu 24:00tatik aurrera.
Dokumentuaren akzioak