Dokumentuaren akzioak
Igandean, ehun bat herritarrek kabalkada emanen dute Ortzaizen
Igandean emanen dute ortzaiztarrek —ehun inguruk— Plazatik harat kabalkada, lehen aldikoz, 16:00etan, ezker pareta eta pilota plaza arteko eremuan. Duela hiru urte prestatzen hasirik, bi aldiz behar izan zuten gibelatu, pandemiarengatik. Bigarren emanaldia buruilaren 24ko dute, tenore eta leku beretan. Ortzaizen eman zen azken kabalkada, diotenez, 1898koa da. Kabalkaden oldea berriz jina da, ezen 2023ko hiru iragarriak baitira: Arrosa, Heleta eta Luhuso.
Xantxo Lekunberri antzerki parteko jokalarien taldekoa da. Kabalkada muntatzen hasi zirelarik herriko etxean bertze gobernu bat zen Ortzaizen. Geroztik, Jean-Marc Ozafrain auzapez berriaren zerrendarekin hautetsi bilakatu da Lekunberri, eta Kabalkadan eragina izan duela erran du: “Herri bozak jin ziren, eta dena aldatu da”. Antzerki testua berriz idatzi zuten: “Herriko etxea aldatu baitugu, ez zen gehiago hain irrigarri”. Bozetako lehia kabalkadak bizi izan zuen, aitzineko herriko etxeak errefusatu baitzion pilota plazan ematea. Hortik izena: Plazatik harat. Hondarrean, kabalkadak berak egokiago kausitu du apezetxe ondoko plaza.
COVID-19aren pandemia jin zen, eta berriz ere testua moldatu zuten. “Azaroan prest ginen, eta konfinatuak izan ginen aste bat lehenago, azken errepika nagusitik landa”, gogoan du Lekunberrik. Hor ere, berriz haste.
65 dantzari
Naia Ozafrain herriko dantzari gaztea ibili da dantza eskola ematen kabalkadako. Harekin batean, Graxi Bedaxagar, Laida eta Bixente Mateo, eta Txomin Pebet ibili dira irakasle lanetan. 65 dantzari ariko dira Ortzaizeko kabalkadan. Pandemiaren ondotik bi aldiz gibelatu behar izanik, batzuek utzi eta berriak sartu dira dantzari multzoan.
Dantzen hautatzeko orduan, Jokin Irungarai itsasuarrak erran zien batzuk baitezpada egin behar zirela kabalkada batean; “Sokadantza, mutxikoak eta Euskaldunak-Sorginak”, Ozafrainek dioenez. Ortzaiztarrek nahi izan dituzte gehitu kontradantzak eta fandangoa. “Aski denbora baikenuen dantza horien lantzeko, eta maite baikenituen”. Mutxiko edo dantza jauzietan Teilagorri, eta, nolaz ez, Ortzaiztarrak jauzien ematea deliberatu dute.
Ortzaiztarrak ez da komunzki ematen den jauzia. Bidarraiko kabalkadan eman zuten 2017an, zati bat. “Gutitan emana da, zeren eta dantza luze bat da”, dio Ozafrainek, “gutienez, zortzi minutu irauten ditu”. Ortzaizekoek beren gisarat moldatu dute: “Gehitu ditugu mugimenduak, ez gara denak beti dantzan ari: memorizatzeko eta ez dadin sobera aspergarria izan ikusteko”.
Dantza moldearen aldetik, urratsean aritzea hautatu dute. “Lurrean, moztuz ari gara; doblan, itzuli gabe. Eta antrexantik gabe, salbu bolanten partean”.
Hamabost musikarik joko dituzte dantza soinuak. “Guk hautatu dantzen arabera musika ere hautatu genuen, eta egokitu ziren”. Maialen Zuburu soinulari herritarrak du egin lotura lana.
Herri giroa
Ozafrain biziki kontent da taldean sortu den harremanarekin: “Biziki giro ona da. Denak denekin mintzo gara. Zinez harremanak sendotzen ditu, eta herri bat elkartzen du”. Agorril hondarreko herriko bestetan begi bistakoa zela uste du: “Ortzaizeko bestetan ikusi dugu kabalkadaren efektua gure harremanetan”. Lekunberrik gauza bera pentsatu du: “Aurtengo herriko besten igandean sentitu dut aldaketa; bazen usaian ikusten ez den giro bat, mutxikoak hasi direlarik. Bazuen aspaldi ez zela ikusi hainbeste herritar dantzan”.
Antzerkian euskaraz eraman dute lan guzia, baita dantzan ere, Ozafrainek erran duenez: “Beti euskaraz ari gara; hastapenean itzultzen genuen frantseserat, baina orain osoki euskaraz egiten dugu, eta ulertzen ez dutenei beste batzuek itzultzen diete”.
Antzerkiko, 21 antzerkilari ariko dira, igandean. Lau parte izanen dira, bertso eta dantzekin aldizkaturik. Gaien hautatzeko nola egin zuten esplikatzean, Lekunberrik dio antzerkiko izena eman zutenak bildu zirela, eta bakoitzak orri batean idatzi zituela aipatzekoak zitzaizkion gaiak. “Ikusi genuen gai batzuk anitz aldiz heldu zirela, eta gai nagusiak adostu genituen”. Gero, multzo ttipian idatzi dute testua. “Hiruzpalau ginen idazketa parte hartzailea egiteko”. Horretan ere Irungarairi dei egin diote. “Biltzen ginen Jokinekin [Irungarai], eta guhaurren artean”.
Libertimenduko zirtzilaren moldetik ari direla baieztatu du Lekunberrik. “Anitz gara Anttonen [Luku] aztaparretatik ibiliak, eta bortxaz badugu zirtzilaren plazaren baliatze hori, kantuaren baliatzea. Gero, badugu Jokinen gainbegirada ere”. Kabalkadan zirtzil eta aldi berean herriko hautetsi, boterearen ordezkari izatea, hots, ez du kontraerran gisa ikusten. “Bistan da bateragarri dela, zendako ez? Hasi ginelarik, ez ginen hautetsi”. Autozentsurarik ez da izan, dioenez: “Erranak izanen dira gauza batzuk —belaunaldi baten sentimenduak—, Ortzaizen herritar gisa bizi izan ditugun istorioak dira”.
EMANALDIAK ETA GAUALDIAK
Irailak 18, 16:00etan. • Kabalkada —euria balitz, irailaren 25ean. Beharrez, ezker paretan—. Bertsolariak: Maddi Sarasua eta Gillen Hiribarren.
• Ondotik: talo jatea eta dantzaldia Kontrabanda taldearekin.
Irailak 24, 16:00etan.
• Kabalkada —euria balitz, urriaren 2an—. Bertsolariak: Patxi Iriart eta Mizel Mateo.
• Ondotik: Trikidantz, Rakatapunk eta Dj Lpunto.
Dokumentuaren akzioak