Dokumentuaren akzioak
Igandean da Errenteria-Oreretako XXXI. Dantzari Txiki Eguna
Pandemiagatik ezinbestean bi urteko etena jasan ondoren, iritsi da dantzari gaztetxoentzat erreferentzia den eguna: Errenteria-Oreretako Dantzari Txiki Eguna. Igandean izango da, ohikoa den bezala, Maiatzaren Lehenean. Aurten ere Ereintza Dantza Taldeak antolatu du dantzarien bilgunea. Baina kezka ere adierazi dute: antolaketa lanetan odol berria sartu arren, eskatu dute ahalik eta jende gehien hurbil dadila laguntzera, beharrezkoa dutelako, pandemiagatik “jende asko desaktibatu” delako dantza taldekoen esanetan. Ereintzarekin harremana egin dezatela lagundu nahi dutenek. Errenteriako Udalaren eta Errenteriako Herri Arte Eskolaren laguntza du jarduerak.
Zortzi dantza taldetako ordezkariek egingo dute bat herrian igandean. Honakoak dira: Errenteriako Herri Arte Eskola, Elizalde (Oiartzun), Haurtzaro (Oiartzun), Udaberri (Tolosa), Pasaia Musikal-Illunbe Dantza Taldea (Trintxerpe), Aurtzaka (Beasain), Murixka (Lezo), eta Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako taldea. Horiez gain, Zubietako zanpantzarrak eta trikitilari nahiz txistulariak izango dira herrian. Giroa, aparta izango da.
Egitaraua, honakoa:
- 10:45ean, taldeen kontzentrazioa Koldo Mitxelena plazan.
- 11:00etan, hamaiketakoa.
- 11:30-11:45, agurra, 7 jauzi, eta desfilearen hasiera.
- 12:00etan, lehen geldialdia. Foru plazan, Koldo Mitxelenan eta Xabier Olaskoagan emanaldiak egingo dituzte dantza taldeek. Ondoren, Herriko Plazara joango dira, talde bakoitzak dantza bat egin dezan. Handik, Gamon Zumardian denak batera dantzan ariko dira bazkalorduraino.
- 14:00etan, dantzarien bazkaria herriko elkarteetan (arduradunak Niessen elkartean bilduko dira). Honako elkarteetan bazkalduko dute haurrek: Alkartasuna, Amulleta, Gau Txori, Landare, Niessen, Ondarra, Txintxarri eta Txepetxa.
- 16:15ean, arratsaldeko dantzaldiaren hasiera Gamon Zumardian. Modestok hartuko du lekukoa ondoren.
Dokumentuaren akzioak