Pandemiak dena bertan behar utzi zuen, eta 2020. urtean Dantzari Eguna Zamudion ospatu behar zen, baina ezinezkoa izan zen. Eta 2021ean ere, ezin.
Baina aurten, Sestaoren lekukoa hartu ostean, jai ederra eta egun paregabea izango da igandean, hilak 15, Zamudion. Horretaz gain, igandera bitartean, Zamudioko Dorrean Janzkerak Bizkaiko Dantzetan izeneko erakusketez gozatzeko aukera ere egongo da.
“Aspalditik gabilz lanean Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Zamudioko Hiru Bat Dantza Taldea eta Zamudioko Udala, danok batera barriro euskal dantzakaz disfrutatzeko. Dantzari edo dantzazalea izan, familiakoa zein laguna izan, gazte edo ez hain gazte izan, guztiok euskal dantzen inguruan alkartzeko eta ospatzeko eguna izango da”.
Ohi den bezala dantza-talde eta dantzari asko bilduko dira Dantzari Egunean, dakizkigun dantza mota guztiak erakusteko.
Goizeko erakustaldiaren ostean, arratsaldean, erromeria antolatu da Luhartz taldearekin.