Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Igande honetan Libertimenduak Donapaleuko kaleak hartuko ditu

Dokumentuaren akzioak

Igande honetan Libertimenduak Donapaleuko kaleak hartuko ditu

Otsailaren 6an Bidarraiko plaza hartu ostean, Donapaleun ospatuko da igande honetan Amikuzeko Libertimendua.
Komunikabidea
Argia
Tokia
Donapaleu
Mota
Albistea
Data
2022/02/08
Lotura
Argia

2009ko Libertimendua Donapaleun (argazkia: Iñaki Zugasti / Dantzan.eus CC-by-sa).

Antzerkia, dantza eta bertsoa bateratzen dituen ikuskizuna da Libertimendua, Nafarroa Beherean inauteri-garaiarekin batera plazaratzen dena. Pasa den igandean Bidarrain egin dute aurtengo estreinako emanaldia eta igande honetan Donapaleun izango da hurrengo zita.

10:00etan kale-itzulia egingo dute igerilekutik abiatuta eta 11:00etatik aurrera hasiko da emanaldia abere merkatu plazan. Hura amaitutakoan, herri-bazkaria egingo dute ikastolaren eskutik. Antolatzaileek honako telefonoa jarri dute, erreserbak egiteko: 0649590701 –Hego Euskal Herritik deituz gero, +33 sakatu aurretik–.

Igandeko Libertimendua iragartzeko afixa.

Bidarraiko emanaldian, ikusleen txaloen eta irrien artean –kritika sozial umoretsutik ere asko baitu Libertimenduak– momentu hunkigarri bat ere bizi izan zuten publikoak, Kazeta.eus-en jaso dutenez: urtarrilaren 28an auto-istripuz hil zen Leire Iribarneren omenez ohorezko aurreskua dantzatu zuten eta haren oroimenari eskainitako bertsoak kantatu ere bai. Iribarne, Diabolo Kiwi taldeko kidea eta beste proiektu musikal askotako partaidea izateaz gain, Garaziko Libertimenduko kidea ere bazen.

XX. mendean galtzear egon zen Libertimendua ospatzeko ohitura eta azken hamarkadetan gazte baxenabartarren bultzadari esker ari da indarra hartzen berriro.

Aurten Nafarroa Beheretik kanpo ere izango da gainera Libertimenduaz gozatzeko aukerarik. Otsailaren 26an Donostiako Añorga auzoan estreinatuko dute, Harrobiaren plazan. Otsailaren 27an berriz, Iruñeko Santa Ana plazara joaten direnek izango dute ikusteko aukera. Martxoan itzuliko da Libertimendua Nafarroa Beherera: 5ean Baigorrin egingo dute, 12an Hazparnen eta 13an Oztibarren.

Dokumentuaren akzioak