Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Idoia Lahidalga (Kezka dantza taldea): “Martin Zalakainen bizitza dantzaren bitartez kontatzen dugu”

Dokumentuaren akzioak

Idoia Lahidalga (Kezka dantza taldea): “Martin Zalakainen bizitza dantzaren bitartez kontatzen dugu”

Euskal Herri osoan arrakasta itzela lortu duen “Martin Zalakain” ikuskizuneko dantzarietako bat da Kezka Dantza Taldeko Idoia Lahidalga eibartarra. Argia konpainiaren ikuskizuna maiatzaren 19an ikusi ahal izango dugu Eibarren, Coliseo Antzokian. 90 pertsona inguru izango dira taula gainean. Dantza, musika, kantua, antzerkia… eta bertan Kezka Dantza Taldeko 19 dantzarik hartuko dute parte. Idoia Lahidalgak 19 urte besterik ez ditu eta ikuskizuneko gazteenetakoa da. Ondo ezagutzen dutenek badakite arte eszenikoetan ondo moldatzen dela: dantzaria izateaz gain, abeslaria eta musikaria ere bada.
Komunikabidea
Eta Kitto!
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/05/10
Lotura
Eta Kitto!

– 5.000 ikusle izan ditu orain arte Martin Zalakainek eta Euskal Herriko areto nagusienetan egon zarete.
Bilbon hasi ginen Arriaga antzokian, eta ondoren Victoria Eugenian, Iruñeko Baluarten eta Baionan egon gara. Azkena joan den hilabetean izan da, Gernikan. Eibarkoa seigarren emanaldia izango da.

– Nolako dantzak egiten dituzue Kezkakoek eta nola antolatu zarete Euskal Herri osoko dantzariekin batera elkartzeko eta entsaioak egiteko?
Kezkakoek egiten dugun dantzetako bat Josu Garatek sortutakoa da. Fandagoa, arin-arina eta kalejira nahasten dira, eta hau guretzako berria da. Taberna batean kokatzen da, eta egiten dugun bestea zinta-dantza bat da. Ikuskizunean, Kezka ez ezik, Euskal Herri osoko beste dantza talde batzuk ere hartzen dute parte. Hasieran talde bakoitza bere aldetik ibili zen berea prestatzen, eta ondoren batera egin ditugu entsaioak hemen, Hezkuntza Esparruan, Euskal Herriko erdigunean gaudela aprobetxatuta.

– Beraz, dantza desberdinak, jende berria, era askotako eszenatokiak… Esperientzia benetan polita dirudi 19 urteko gazte batentzat.
Kezkak egin izan ditu gauzak Argia konpainiarekin eta Urbeltzekin, baina niretzako horrelako gauza bat egiten dudan lehen aldia izan da. Oso gustora nago. Jende desberdina ezagutzen duzu. Esperientzia handia daukan jendea dago eta hori igartzen da. Aurreko hilean Gernikako frontoi batean egin genuena kenduta, beste guztiak eszenatoki handietan izan dira. Horrelako tokietan aritzeak asko inpaktatzen du, izugarria da. Deigarriena Baluarte iruditu zitzaidan, Iruñekoa.

– Pio Barojak idatzitako nobelan oinarritutako ikuskizuna da “Martin Zalakain” eta dantzak pisu handia hartzen du.
Pio Barojak idatzi zuen nobela ospetsua antzeztu egiten dugu. Martin Zalakainen bizitza kontatzen da, umea zenetik. Alde narratiboa eta dantza oso ondo lotuta daude. Nahiz eta euskara ez jakin, bisualki oso ondo ulertzen da. Narradoreak istorioa kontatzen duen bitartean, guk gertatzen dena dantzaren bitartez kontatzen dugu eta kantuan ere jarduten dugu. Dantza istorioa bideratzeko modu bat da. Kolore aldetik jantziak oso deigarriak dira, gorriak, berdeak, urdinak… Estekikoki oso polita da. Gazteak ere animatu nahi ditut ikustera etortzeko. Ondo pasatuko dute.

– Gaur egun gazteek beste dantza mota batzuk aukeratzen dituzte.
Nire kuadrilan eta nire gelan euskal dantza egiten ibili den bakarra naiz. Txikitatik ibili naiz euskal dantzen inguruan eta niretzako oso inportantea da. Gainera, hor dagoen giroa asko gustatzen zait. Ama ere hor dago, Kezkan txistua jotzen, eta Jone nire ahizpa ere dantzaria da.

– Euskal dantzetan ez ezik, beste estilo batzuetan ere ederto moldatzen zara. Eibarko Koru Gaztean, abesteaz gain, koreografiak lantzen ibiltzen zara, esaterako.
Koruan zeozer diferentea egiteko eta bizitasuna emateko koreografiak lantzen hasi ginen.  Gaur egun, gazteentzako eta jendearentzako orohar, erakargarria izateko garrantzitsua da ahotsaz gain koreografiak ere lantzea. Lehen nire ahizpak egiten zituen Koruko koreografiak. Orain bera ez dago eta kurtso honen hasieran ni hasi nintzen. Dena dela, koruan oso talde ona dakagunez denon artean saiatzen gara egiten. Urrian berriro musikala egin behar dugu, “Forjarien Kanta”. Musikal bat prestatzea sekulako lana da. Hor denbora guztian gu gaude taula gainean, ez gara eszenatokitik irtetzen eta dena ondo egon behar da.

– Aretxabaletan Ikusentzunezkoen Komunikazioa ikasten ari zara eta dantzaria, abeslaria eta musikaria ere bazara (trikitixa eta panderua, pianoa, gitarra eta ukelelea…) Harritzekoa benetan. Dena egiteko denbora daukazu? Zeozer aukeratu behar izatekotan…
Saiatzen naiz… baina bai, dena egiteko moldatzen naiz (jajaja). Musika aukeratuko neuke, hor ere dantza egiten dugulako. Azken finean, beti lotuta doazen gauzak dira.

Idoia  Lahidalga  (Kezka  dantza  taldea):    “Martin  Zalakainen  bizitza  dantzaren  bitartez  kontatzen  dugu”

Dokumentuaren akzioak