Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biba Pagola eta biba maskarada!

Dokumentuaren akzioak

Biba Pagola eta biba maskarada!

Urte honetako lehen maskarada egin da Pagolan. Urruñako idazle Joseba Aurkenerena Barandiaranek egunaren kronika partekatu du.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Pagola
Mota
Albistea
Data
2024/01/27
Lotura
Kazeta

 

Joseba Aurkenerena. © Guillaume FAUVEAU
Joseba Aurkenerena. © Guillaume FAUVEAU

Jadanik, urte berrian sarturik gira eta ihautea piztu zaigu Euskal Herriko bazter guzietan. Ihautea arrunt sustraitua da euskaldunen artean, eta urtero iraganeko sinesmen zaharren oihartzuna dakarkigu, kolorez, erritoz eta umorez betea. Xiberoan, maskarada dugu euskal ihautearen ardatza, negu osoa bere baitan hartzen duena eta udaberriaren iratzartzeari deika ari zaiona. Aurten Pagolak hartu du maskaradaren lekukoa, indarrez eta gogo onez, eta pagolarrek jadanik, urtarrilaren 21ean, igandearekin, lehen saioa egin zuten Pagolako bazter, karrika eta plazetan.

Eguna hotz-hotza iratzarri zen, baina euririk ez, eta horrek jendea bultzatu zuen Pagolara hurbiltzen. Ni, goizeko 8etan, hartu ninduen Urruñako etxean, Bilbotik autoz zetorren Iñaki Martiartu adiskide bizkaitarrak eta 09:15ean, Pagolako sargian den aparkalelu handian ginen. Bide bazterrak eta inguruetako pentzeak hormatuak zeuden, zuri-zuriak. Jadanik, jendea handik zebilen eta horrela, jendeari jarraiki, Pagolako zubira iritsi ginen. Hantxe zeuden arizale guztiak abiatzeko prest. Bidearen eskuineko bazter batean, inguruetara epeltasun goxoa hedatzen zuen su-meta handia piztua zuten.

09:30ean, ttanko, lehen barrikada hausteari hasiera eman zioten ohiko dantzak eskainiz. Gero-gerokoak. Jateko eta edatekoez mukuru ziren mahaietara hurbildu ginen denok, eta kafe beroa eta bixkotxa goxoa dastatu ondoren, arizaleak eta bertara hurbildutakoak kantatzen hasi ziren. Ordurako bazen jende franko maskaradaz gozatzen, xiberotarrak eta baxenafarrak, gehienbat. Maskaradaren usaia aspaldian moztua omen zen Pagolan, batzuek erran dutenez badira ehun urte edo gehiago Pagolak horrelakorik ez zuela jokatzen. Pagolarrek, berriz, jakin izan dute ohitura zaharra berpizten eta kalitate handiz eskaintzen.

Aipatu behar dugu, Pagolak, 1982. urtean, Junes Casenave-Harigile apez euskaltzale handiaren Pette Basabürü  pastorala jokatu zuela, eta 2019an, Frantxoa Caset euskaltzale pagolarrak idatzi Domingo Garat izeneko pastoral ahaztezina. Biak arrakastatsuak izan zirela aipatu behar dugu. Beraz, Pagola ohitua da euskal kulturaren bideetan barna ibiltzen, pagolarrak biziki atxikiak dira euskal nortasunari, eta maskarada hau ez da hutsetik abiatu, pagolarren euskaltzaletasun sakonetik baino.

Lehen erran bezala, lehen barrikada haustea, Muskildiko bidean, zubi parean izan zen, Pagolako zaharrek eskainirik, eta horren ondotik lau gehiago egin zituzten. Bigarrena Herriko Etxearen ondoan, Elizateko plazan, Pilota Elkartekoek eskainirik; Hirugarrena Auzteia ostatuaren parean, Bentaberri etxearen aitzinean, Oxkaxe Zola elkartekoek emanik; Laugarrena herriko aparkalekuan, Besta komitekoek eskainirik; eta bosgarrena Herriko Etxeko plazan, Herriko Etxeak emanik.

Bigarren barrikadan, Pilota Elkartekoek ongi etorri beroa egin zieten maskaradako gazteei, Frantxoa Caset-ek egin bertsoak kantatuz: Horra:

1.- Herriko gazteria, agurtzen zütiegü / Pelota alkartiak, plaza zier libratü / Jakin behar düzie zer plazera dügün / egün txostakatzia, üzten dügü lekü. // 2.- Lükainka ta txikorra, hor bazter ütziko / Hüllant zite hunarat, badügü jateko / Sarri plaza eder hau date zientako,/ Xüberoko herriak aidin ezarriko. // 3.- Maxkarada hunek dik Herria betheko, / gazte eta xaharrak algarretatüko, / paxtualaren ondotik alageratüko / pagolarrek gogua hala segitzeko. // 4.- Biba xahar-gaztiak! Pagola herria! / zer plazera guretzat algarretatzia. / Hola etxek dezagün atxikimentua, / anaitarzüna date gure haurren gerua.

Eta hirugarren barrikadan, Oxkaxe Zolakoek ere, ongi etorri beroa egin zuten ororen artean egin  bertsoen bitartez. Horra: 1.- Oxkaxe Zolan zidee, honki jin deizüela. / jan-edan eskainirik, goxa dezazüela. / Züetaz harro girela, nolatan bestela, / herriz herri Xiberuan ordezka Pagola! // 2.- Omen errejentarik ez zünüela nahi / bena jente paketa heben da ibili, / antzerkian Peio, Xan, dantzan gure Julie, / xorrotxetan Mirentxu, hortan ote fini?  // 3.- Lehen maskarada hau dügü urtarrilan, / zirriborroa date, ez beitü axola / Arrunt pikuan ziate, dagün apirilan / artian gü ibiliko plazazain fidela!

Azken barrikadaren ondotik, izan ziren dantzak, antzezpenak eta ohiko kantuak. Ordurako eguzkia zeruan zen eta eguraldi ederrak lagundu zuen maskarada aitzina goxoki eramaten.

Herrigunean den kultur aretoan bazkari ederra izan zuten arizaleentzat eta hurbildu nahi izan zuten guzientzat, eta arratsaldeko 03:30ean arratseko saioari ekin zioten, ordurako jendez mukuru zen herriko etxeko plazan. Hortik aitzina hiru oreneko joko ederra eskaini zuten: dantzak, kantuak, erritoak, antzezpenak, Zamalzainen zikiratzea, xorrotxak, bühameak eta kaüterak, Xiberoko herrietako berrien zabaltzea, Pitxuren heriotza, Pitxuren testamentüa, moneinak eta aintzina-pika, eta bukatzeko ohiko azken kantorea. Den-dena eder eta ongi emanik. Xorrotxak bi neska, xarmanki kantatu zutenak, Beltzeriaren joko paregabea, Pitxuren pitokeriak, bühameen arteko borrokak… Aipa dezadan, aurten lehen aldiz, Kabana Handia emaztea izan dela eta Ainara Agerre Lako neska gaztea izugarri ongi aritu dela lan horretan. Oxkaxe Zolako dantzariak izugarri onak eta trebeak: zamalzaina, entseinaria, gatüzaina, marixalak… Arizale bikainak maskarada eder batendako. Eta ikustera hurbildu zirenek ere, horrela ulertu zuten, etengabean, irriz eta txaloka saritu baitzuten pagolar gazteen maskarada ederra.

«Pagolarrek udaberriari deituko diote, hartza eta ama-lurra iratzar daitezen, eta eguraldi goxoa euskaldunen lurraldeetan zabal dadin»

Urtarrilaren 21ekoa aurtengo lehen maskarada izan zen, baina apirilaren 27ra bitartez, osora hamabost saio eskainiko dituzte herriz herri. Beraz, lehen maskarada saioa ikusi ez duenak ikusteko parada ederra izanen du urtarrilaren 28an, igandearekin, Ezpeizen; otsailaren 3an, larunbatarekin, Maule-Lextarren; otsailaren 11n, igandearekin, Irurin; otsailaren 17an, larunbatarekin, Gamere-Zihigan; otsailaren 24an, larunbatarekin, Muskildin; martxoaren 2an, larunbatarekin, Doaixtin; martxoaren 10ean, igandearekin, Ligi-Atherein; martxoaren 17an, igandearekin, Idauzen; martxoaren 23an, larunbatarekin, Alozen; martxoaren 31n, igandearekin, Barkoxen: apirilaren 7an, igandearekin, Larrainen; apirilaren 14an, igandearekin, Urdiñarben; apirilaren 21ean, igandearekin Altzai-Lakarrin; eta bukatzeko, apirilaren 27an, larunbatarekin, berriz ere, Pagolan.

Pagolarrek saio horietan guzietan udaberriari deituko diote, hartza eta ama-lurra iratzar daitezen, eta eguraldi goxoa euskaldunen lurraldeetan zabal dadin. Urtearen gurpilak bere bidea jarraituko du, udaburuan eguzkiak zeruko goia joko du eta neguburuan aurtengo eguzkia hilen zaigu. Baina urte berria piztuko da, eta xiberotarrek, jadanik prestatzen ari diren  maskarada berri eta eder batez, Xiberoko herriak eta bazterrak magiaz, kolorez eta umorez, berriz ere, eta urtero bezala, alaituko dituzte. Hori da, bederen, xiberotarren legea! 

Dokumentuaren akzioak