Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ia 300 dantzari batuko dira Busturialdeko Umeen eta Gaztetxoen Dantzari Egunean

Dokumentuaren akzioak

Ia 300 dantzari batuko dira Busturialdeko Umeen eta Gaztetxoen Dantzari Egunean

Egilea
Aintzina Monasterio Maguregi
Komunikabidea
Busturialdeako Hitza
Tokia
Muxika
Mota
Albistea
Data
2023/06/16
Lotura
Busturialdeako Hitza

35. Busturialdeko Umeen eta Gaztetxoen Dantzari Eguna da aurtengoa, eta eskualdeko dantzariek domekan (ekainak 18) Muxikan daukate hitzordua.

Zortzi dantza taldeetako kideak batuko dira bertan: Itxas Alde (Bakio), Urdaibai (Forua), Alkartasuna (Bermeo), Irrintzi Alai (Busturia), Artie Dantza Taldea (Gautegiz Arteaga), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso Txoritxu (Ibarruri) eta Lorea (Ibarrangelu).

11:30ean Urretxindorra eskolan elkartuko dira, eta han hasiko dute kalejra, 12:00etan. Ekitaldi nagusia Kurtzeroko aparkalekuan izango da 12:30etik aurrera. Euria balitz, frontoian izango da dantza jaialdia.

Agurra dantzatuz hasiko dute ekitaldia, eta ondoren Dantzari dantza (Agintariena, Banango, Ezpata txiki eta Txotxongilo) izango da. Sardinerak eta Mariana dantzatu ostean, berriz, korroan ipinita, Baztango esku dantza, Txulalai, Zapatain eta Marmutx eskainiko dituzte.

Saioagaz amaitzeko, Zahagi dantza (Markinakoa), Bizkaiko zinta dantza eta Gorulari dantzatuko dituzte, eta Pitx eta Biribilketagaz borobilduko dute emanaldia.

Udalerriko Baso Txoritxu Dantza Taldekoek domekan dantzaldiaz gozatzeko gonbidapena luzatu diete eskualdeko herritarrei. Bestalde, jakinarazi dutenez, Zubieta Errota liburutegi aurreko aparkalekuan materialekin doazen taldeetako kideek utzi ahalko dituzte ibilgailuak. Gainontzeko autoak, ostera, Inama lantegia izandakoaren aparkalekuan utzi beharko dira.

Udazkenean, nagusiak. Dantzari nagusien egun handia ere Muxikan izango da, azaroaren 4an. Udaberrian ospatzen dute dantzari txikien jaia, eta udazkenean, berriz, dantzari nagusiena. Iazko azaroan, ostera, hitzordu berean batu ziren, Bakion.

Dokumentuaren akzioak