Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ia 30 urte dituen dantzari heltzeko gertu

Dokumentuaren akzioak

Ia 30 urte dituen dantzari heltzeko gertu

Egilea
Mirari Altube Arrese
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Aretxabaleta
Mota
Albistea
Data
2023/09/25
Lotura
Goiena
Dantzariak 1994an, lehenengoz dantzan egin zenean, eta iaz.

Beinke elkartearen eta Loramendi ikastolaren batze prozesua eta Loramendi euskara elkartearen sorrera irudikatzen duen Beinke-Loramendi dantzak ez du hutsik egingo zapatuan; hori gogorarazteko entseguak astelehenean eta eguenean izango dira.

Aurtengo abenduan 30 urte beteko ditu Loramendi elkarteak. Euskararen bueltan lanean diharduen elkartea, baina, ez zen hutsetik sortu. Haren guraso izan ziren batetik, Beinke – zazpi urte lehenago eratutako kultur elkartea– eta bestetik, Loramendi ikastola –25 urteko ibilbidearekin 500 bazkide inguru zituena–. Euskararen erabilera sustatzea eta Aretxabaletako euskalgintza indartzea izan ziren batze horren helburuak. Eta elkarte berri horren sorrera Beinke-Loramendi dantzarekin irudikatu zuten, urtebete beranduago.

Bi ilaretatik bakarra

Dantza bi ilaratan banatuta hasten da: batek Beinke irudikatzen du eta besteak, Loramendi. Eta gero, batu egiten dira, uztartzen diren bi bide irudikatuz, Loramendirekin gertatu zen bezala. Musika Jose Ramon Vitoria musikari arrasatearrak konposatu zuen eta dantza Aretxabaletako dantza taldeak prestatu; fandangoa, arin-arina eta baltsa batu zituzten, besteak beste. Kantuaren letraren egileak, ostera, Jon eta Aitor Sarasua, eta Jon Iñaki Izarzelaia bertsolariak izan ziren. Lehenengoz, 1994ko sanmigeletan aurkeztu eta dantzatu zuten, Herriko Plazan.

Plazan ezin kabitu

Azken urteotan gora egin du parte-hartzeak, eta iaz, txiki geratu zen plaza. Jone Meabek eta Maialen Elorzak hamar urte inguru daramatzate dantzatzen eta aurtengorako gogotsu daude: "Herritar mordoa elkartzen gara, adin tarte ezberdinetakoak, eta mutilak ere gero eta gehiago dira".

Azken bi entseguak

Zapatura begirako azken entseguak astelehenean –Kurtzebarri eskolako pistan– eta eguenean –Herriko Plazan– egingo dituzte (19:00), eta derrigorrez agertu beharko da horietara, taldeak osatzeko eta lekua zehazteko.

Dokumentuaren akzioak