Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'I. Dantzaren Eguna' etzi Dantza taldeak antolatuta

Dokumentuaren akzioak

'I. Dantzaren Eguna' etzi Dantza taldeak antolatuta

Goizean hasi eta gauean bitartean dantza ikuskizun desberdinez gozatzeko aukera izango da

Larunbat honetan I. Dantzaren Eguna ospatuko da Usurbilen. Usurbilgo Dantza Taldeak antolatuta ekitaldi ugari izango dira goizean, arratsaldean nahiz gauean, guztiak dantzarekin zerikusi zuzena izanaz. Egun honetan, gainera, gimnasia erritmikoa protagonista izango da. Tximeleta gimnasia erritmikoko taldeen arteko urteroko topaketa egun honetan egitekoak zirenez, dantza taldeak antolatutako egunaren barruan sartu dituzte bertako ekitaldiak.
Egilea
Josu Aranberri
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Usurbil
Mota
Albistea
Data
2013/04/25
Lotura
Diario Vasco

Honela bada, Tximeleta soinketa erritmikoko taldeen topaketekin emango zaio hasiera I. Dantzaren Egunari. Oiardo kiroldegian gimnasia erritmikoko talde desberdinak ikusteko aukera izango da 10:00etatik aurrera. Benjamin mailakoen topaketa izango da 10:00etatik 11:30etara, alebin eta infantilen lehiaketa 12:00etatik 13:30etara eta ondoren, sari banaketari ekingo zaio. Arratsaldean, berriz, benjaminen topaketa iragarri dute16:30etatik 18:00etara.

Usurbilgo Dantza Taldeak antolatutako ekimenak, berriz, 11.30etan hasiko dira kalejira batekin. Zumarte Musika Eskolako trikitilariekin batera izango da kalejira dan-tzara animatzen diren pertsona guztiekin. Jarraian, eguerdiko 12:30etan, Usurbilgo dantza ondarearen transmisio ekitaldia iragarrita dago herriko frontoian, Usurbilgo Dantza Taldearen lehena eta oraina lotuko dituen ekitaldia hain zuzen ere. Ondoren,euskal dan-tzetako arropen erakusketaren irekiera izango da Sutegi eraikineko erakusketa aretoan. Arratsaldeko ekimenei dagokionez, Usurbilgo Dantza Talde ezberdinen erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da frontoian. Tximeleta soinketa erritmikoko taldeak, dantza orientalen taldea Warda Mallal irakaslearekin, gaztetxeko dantzariak, Usurbilgo Dantza Taldea eta Muxikoak izango dira erakustaldi honetan.

Kantuak ere bere tartea izango du larunbateko ekimen honetan. Kantu Jira izango da ohi bezala hilabeteko azken larunbatean, baina apirilaren 27koa berezia izango da. Kantua eta dantza uztartuko dituzte arratsaldeko 19:00etatik aurrera frontoitik abiatuko den ekimenean.

Dantzaren Egunaren lehenengo edizio honi amaiera emateko 'Sorginetxe' ikuskizun berria izango da herriko pilotalekuan. Zumarte Abesbatza, Usurbilgo Dantza Taldea, Ixabel Agirresarobe eta Tximeleta Soinketa Erritmikoko taldeak elkarlanean sortutako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren guztiek.

'I. Dantzaren Eguna' etzi Dantza taldeak antolatuta

Dantza. Adin desberdinetako herritarrak ikusiko ditugu dantzan.

'I. Dantzaren Eguna' etzi Dantza taldeak antolatuta

Gimnasia erritmikoa. Tximeleta taldearen topaketak ere izango dira.

Dokumentuaren akzioak