Dokumentuaren akzioak
Hutsunea dantzatuko dute gaur Maitaldian
Nacera Belazaren konpainiak 'Le temps scellé' sorkuntzaren aitzin estreinaldia proposatuko du
Gaurko eguneko nahasketa lekuko. Sorkuntza berri batekin heldu da Nacera Belazaren konpainia. Le temps scellé
(Denbora zigilupean) estreinatzekoa du hilaren bukaeran Lyonen, baina
gaur 17:00etan horren aitzin estreinaldia proposatuko du Koliseoan. Lan
fresko-freskoa ekarriko du, beraz. Usaian baino denbora gutxiago izan du
lantzeko. Nahitarako epe laburra, bere gogoetari beste bide bat emateko
asmoz. Gainera, Dalila ahizparekin lan egin du orain arte, baina, aldi
honetan, beste dantzari bat ekarri du, gizonezko bat. Testuinguru
horretan, «gorputzaren barnean hatsaren ibilbide baten aurkitzea» nahi
izan du landu. «Arnasa gorputza baino presenteago izan dadin. Gorputza
ez dagoela hor irudikatzeko gisan, mugimendua beste nonbait egingo
balitz bezala». Espazioaren eta dantzariaren arteko harremanak eta, oroz
gainetik, hutsuneak du interesatzen. «Hutsunea zizelkatuko» balu
bezala. Hutsunearen galdera horri begira, gainerateko gogoeta guztiak
ahulegiak iduritzen zaizkio.
Belaza 1968an sortu zen, Medea herrian (Algeria), eta 5
urterekin iritsi zen Reimsera (Frantzia). Koreografo autodidakta da
berau, eta dantza subjektiboan murgiltzen da, dantza garaikidearen
bidez.
Ullateren 'Samsara'
Arras beste estilo batean, lirikoaren munduan sartzeko gomita
egingo du Maryse Delenteren konpainiak; emazteentzako omenaldia
eskainiko du, 19:00etan, Herriko Kasinoan eta 12:00etan Eszena irekian.
Urririk eta kanpoan, jaialdiaren hasieratik egunero eszena ireki horiek
kasik 3.000 ikusle erakarriak dituzte jada. Batzuetan errepikak,
besteetan sorkuntza lan batzuen saiakerak, jaialdian partaide edo gomita
bereziak ikus daitezke bertan.
Gaurko azken proposamena, Victor Ullate balletarena da. Samsara
ikusgarriak ekialdera doan bidaia baten egiteko proposamena dakar.
Maitaldiaren lehen aldiko gomita izan zen Ullate espainiarraren
konpainia, eta hogeigarren urteurrena ospatzeko molde bat dute oraingo
bisita hau.
Dokumentuaren akzioak