Dokumentuaren akzioak
Hoztasuna gaindituz
'Papiro...flexia' .Dantza.
Normala denez, kalean bertan sortutako dantza adierazpideak
freskotasuna galtzen du italiar erako agertoki batean aurkezten denean,
eta hori berori izaten da hip-hop kulturako taldeek duten zailtasun
handienetako bat. Arazo horri aurre egiteko, Papiro... flexia-n
kemen handiz ekin diete dantzaren azpiko dramaturgiari eta inguruko
alderdi eszenikoei, eta horrela bigarren planoan geratu da produktu
mota hauetan ohikoa den perfekzio falta.
Gauzak horrela, sormena, irudimena eta gazte izatearen
poztasuna izan dira nagusi emanaldian zehar: Circle of Trusteko kideek
beren gaitasun akrobatikoa eta talde koordinazioa erakutsi dute, konta
ezinezko itzulipurdiak, airetiko jauziak, buruz beherako jirabirak eta
eskortzo estatikoak teknika eta segurtasun handiz deskribatuz. Logela
Multimediaren zeregina, berriz, inoiz baino helduago etorri zaigu,
benetan interesgarriak izan direlako uneoro bai musika elektroniko
atsegina bai pantailan emandako irudiak. Alde horretatik, bereziki
aberatsa iruditu zait irudi digitalen eta errealitatearen arteko
elkarreragin etengabea.
Saioaren lehen minutuetan ikusleek zuhur jokatu dute, segur
aski Euskalduna Jauregiak sortzen duen hoztasun eta kontrol giroaren
ondorioz, baina Logela eta Circle of Trusten emanaldiak ikusleen
txaloak piztu ditu erdialdetik aurrera, eta geroztik gusturago sentitu
gara guztiok. Seguru nago gaur bertan Elorrioko Arriola aretoan
errepikatuko den emanaldian merezi duten harrera beroa jasoko dutela
talde biek.
Koreografia: Circle of Truts. Musika eta irudiak: Logela Multimedia. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Eguna: Abenduak 17.
Dokumentuaren akzioak