Dokumentuaren akzioak
Hostoekin dantzan, kantuan eta musika egiten
Euskal kulturaren tradiziotik datozen taldeak dira hiruak, baina garai berrietara egokituak. Hala, ikuspegi garaikidea duen ikuskizuna da Hostoak.
Diziplinak nahastea
"Talde bakoitzak bere lanbidea jorratu izan du orain arte eta
ikuskizun hau denon bateragune bilakatu da eta ibilbide guzti horiek
nahasteko aukera eman digu", azaldu du Arkaitz Martinez de San Vicente
Oreka TX taldeko kideak. Ikuskizun amankomuna dela gaineratu du, non
hiru taldeek eta marrazkilariak leku berdina izango duten.
Mireia
Gabilondo zuzendariak azaldu du zailena talde guztiekin ikuskizun bakar
bat egitea izan dela: "Hasieratik hori egin gura nuen eta hori izan da
zailena".
Talde bakoitzaren lana
Oreka TX bikotea aski ezaguna da txalaparta jotzen duelako. Hostoak
ikuskizunean bikote izatetik talde izatera pasa dira. "Tutufonoa" da
Oreka Tx-k ikuskizunari eskaini dion instrumentuetako bat: "Material
sintetikoetara jo dugu, argindarra eramateko erabiltzen den tutuetara.
Horiek afinatu eta instrumentua sortu dugu. Perkusiozko instrumentu
melodikoa egin dugu eta txalapartak ematen ez duen grabeak eman dizkigu
honek", azaldu du Martinez de San Vicentek. Amaren alabak taldeak musika
barik abesteko ohitura du; hortaz, hori izan da zailena, musikarekin
abestea. Gabilondok gaineratu du dantzariak ohituago daudela musika
zuzenean izatera. Elkarlan horretan bata bestearekin zer sentitzen duten
ikasi dutela azaldu du Gabilondok.
Eñaut Muñoa, ostera,
eszenatokiaren alde batean egongo da eta hainbat irudi egingo ditu
hostoekin. Kamera bat izango du gainean eta hala, egiten dabilena
momentuan bertan ikusiko da aretoan. "Hostoen egiturarekin jokatuko du
eta joko horren bitartez klimax ezberdinak lortzen lagunduko dute", dio.
Harrera oso ona izan duen lana
Otsailean estreinatu zuten ikuskizuna eta ordutik 15 bat emanaldi egin dituzte. Pozik daude ikuskizuna izan duen harrerarekin. Istorioaren ildoa azaltzean, hau esan du Martinez de San Vicentek: "Sentsazioak dira bidea markatzen duten pausalekuak eta sentsazio horietatik norberak ateratzen du ikuskizunaren bidea". Emanaldia 20:00etan izango da, 15 euroren truke.
Dokumentuaren akzioak