Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Honela dantzatu zen Zaratrusta

Dokumentuaren akzioak

Honela dantzatu zen Zaratrusta

Cordobatik, @bailarina97-k txiokatu du: “Niretzat droga da. Pozoia gorputzean sartuta daukat, eta orain egunero behar dut nire dosia”. Ez dut txorrotxiokatu (!), ez bainago ados. Dantza ez da gorputzean sartzen den zerbait, gorputzetik ateratzen dena baizik. Eta zer ateratzen da? Alaitasuna, tristura, zirikatzeko gogoa... edozer, barruan daukazuna. Dantza.
Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2012/10/14
Lotura
Argia

Alicia Alonso: “Dantzaren bidez batasuna, bakea eta etorkizuna egiten dugu”. Tira, badakizue, karibetarrak oso beroak dira. Mathias Lillmans: “Dantzaren bidez larrutan egiten dut”. Halaaa, ahobero! Friedrich Nietzsche: “Dantzatu ez dugun egun bakoitza alperrik galdutako eguna da”. Nietzschek euskal hauteskundeak ezagutuko balitu, esaldia honela idatziko zukeen: “Dantzatu ez dugun eta hauteskunde kanpainan pasa dugun egun bakoitza alperrik galdutako eguna da”.

 

“Horra nire plana. Lehendakarigai guztiak bahitu, eta eztabaida aspergarri bat egin beharrean, dantza reality batean sartuko ditugu”

Eustatek dio, zuk, edo zure albokoak, baina biotako batek ziur, baduzuela ezkutuko biziorik. Astero hartzen duzuela tarte bat paseatzeko edo kirola egiteko. Britainiarrak ere biziotsuak dira, baina gure aldean, Nietzsche zaleak. Futbolaren ondoren, dantza da britainiarrek gehien egiten duten jarduera fisikoa. Britainia Handian 40.000 dantzari eta dantza-irakasle ari da dantzaren munduan profesionalki. Herrialde oso bat dantzan. Horrela daude gu baino hobeto, batasuna, bakea, etorkizuna eta sexua gainezka dituztela.

 

Horra nire plana. Lehendakarigai guztiak bahitu, eta eztabaida aspergarri bat egin beharrean, dantza reality batean sartuko ditugu. Hasteko, atarikoak. Elkarri eskua eman eta soka-dantza egingo dute. Denak soka berean. Ze polita. Gero bikoteka jarriko ditugu dantzan, erritmo eta sentsibilitate desberdinak koordinatzeko.

 

Hiruko jokoan ohituta daude Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu, eta baltsean jarriko ditugu. Elkarrengandik urrundu eta berriz elkartu daitezke unearen arabera. Antonio Basagoitik eta Laura Mintegik pasodoblerako bikote ona egiten dute. Hain espainola eta hain euskalduna –pasodoblea!– aldi berean. Antonio agintzen ohituta dago, baina Laurak genero bereizketarik gabeko dantza nahi du, eta ez dio agintea aitortzen. Raquel Modubar eta Mikel Arana tangoan ariko dira. Elkarri bizkarra emanez, baina pega-pega eginda dantzan, bakarra bailiran. Gorka Maneirori eta Aitor Urrestiri salsa doinua jarriko diegu. Kontaktu fisikoa saihestuz, bakoitzak bere aldaka jokoa erakusteko aukera izango dute. Hurrengo ataletan bikote aldaketa.

 

Dokumentuaren akzioak