Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hondarribia dantzan jarriko dute larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Hondarribia dantzan jarriko dute larunbatean

Lehenengo aldiz egingo dute 'Dantz Point' ekimena Hondarribian. Musika elektronikoa, kultura, historia eta artea batzen dituzten saioak dira.
Egilea
Ane Mendizabal Sarriegi
Komunikabidea
Bidasoako Hitza
Tokia
Hondarribia
Mota
Albistea
Data
2022/06/30
Lotura
Bidasoako Hitza

.

2019an Urgulen egindako Dantz Point saioa. Argazkia: Dan-tz

Pandemia ez geroztik bigarren topaketa presentziala izango da honakoa. Larunbatean 19:00etan hasi eta goizeko 00:00ak arte Hondarribia dantzan jarriko dute. Larunbateko saioan bi DJ izango dira: DJ Manci donostiarra eta DJ Navas irundara. Sarrera doakoa izango da. 

Dantz Point Dan-tz kultur eta arte arloko laborategiaren ekimenetako bat da. Zehazki, “inguruan daukagun ondarea balioan jartzeko tresna bat” dela azaldu du Jokin Telleriak, Dan-tzen zuzendariak. “Saioak grabatu egiten ditugu eta ondoren, errotulu batzuetan (hiru hizkuntzetan) saioa egin den kokalekuaren historia azaltzen dugu”. Saio horiek nazioarteko plataforma digitaletan zabaltzen dituzte.

Hondarribian Zezen Plazaren eta harresiaren ondoko belardian egingo dute. “Udalarekin izandako elkarrizketa baten ondoren ikusi genuen hondarribiko harresia historiaren aldetik oso aberatsa zela eta beraz, ekimena hor egitea interesgarria izango litzatekeela pentsatu genuen”.

DJ Mancik eta DJ Navasek musika elektronikoa izango dute ardatz, baina “kutsu” ezberdinak ere izango dituzte: house, funk, broken beat, disko, boogie, soul, dub, techno edo hip hop kutsuak, esaterako.

Ekitaldirako gogotsu daude antolatzaileak izan ere, 2020 eta 2021 urte bitartean Dantz Pointak egiten jarraitu bazuten ere, zuzeneko entzulerik gabeko saioak izan ziren. Bi urteren ondoren, eta Lasarte-Orian itzulerako lehen ekitaldia egin ondoren, entzule berri, zahar eta gazteekin elkarbanatzeko irrikaz daudela aitortu du Telleriak. “Jendea gogoz ikusten dugu esperientzia berriak izateko, musikaz gozatzeko eta sozializatzeko”.

Hala eta guztiz ere Dantz Point digitalak egiten jarraituko dutela aurreratu du, “gure ideia da ekitaldi hibrido bat egitea da. Leku berezi ugari daude entzuleekin egin ezin ditugunak eta beraz digitalki kontsumitzeko aukera egotea nahiko genuke”.

Dokumentuaren akzioak