Dokumentuaren akzioak
Hodeien mehatxuaren aurrean, dantzan
Arrotxapeko bestak (Iruñea)
Zeruari so egon ohi dira Iruñeko Arrotxapea auzoan bestak gertu dituztenean. Aurten ere horrela dabiltza, aterkia ezin ahantzita. Baina horrek ez du auzoko bestez gozatzeko gogoa apalduko. Gaur hasiko dira Arrotxapeko bestak, eta igandera arte hainbat jarduera antolatu ditu jai batzordeak. 20:00etan, Ana M. Muñozek botako du txupinazoa, Adano minbizia duten haurrak laguntzen dituen elkarteko eta El Salvador erretiratuen etxeko lehendakariak. Bi elkarteak zuzentzen ditu Muñozek.
Bestetako hasierako suziria izaten da jende gehien biltzen duen ekitaldia, Mikel Oroz Arrotxapeko Jai Batzordeko kideak azaldu duenez. «Txupinazoa da ekitaldirik bereziena». Auzoko eragileen artean hitz egin ondoren, Muñoz aukeratu zuten, pertsonarik egokiena zelakoan. Suziriak eztanda egin ondotik, neska-mutil nagusien txanda izanen da. Auzoko dantza plazaratuko dute besta gunean. Dantza bera igande iluntzean kaleratuko dute, bestak bukatzeko ekitaldian.
Dantzan hasi eta bukatuko dituzte bestak, eta izanen da dantza gehiagorik tartean ere. Orozek nabarmendu du Iruñeko dantzarien topaketa eginen dutela aurten auzoan. Bihar izanen da. 11:00etan, kalejirak eginen dituzte auzoko karriketan barna, eta 13:00etan, ekitaldi nagusia besta gunean. Euririk eginen balu, Arrotxapeko gaztetxean eginen da ekitaldi nagusia.
Iruñeko dantzariak emanaldia eskaintzeko batzen diren seigarren urtea da. Urterik urte auzo bateko bestetan egiten dute topaketa. Irudama Iruñeko Dantzarien Mahaiko Sergio Espuelasek azaldu duenez, Iruñeko dantza taldeen arteko elkarlana, eztabaida eta batzartzea sustatu nahi du elkarteak gisa horrelako egitasmoen bidez. «Irudamak erdietsitako lorpenetako bat izan da taldeen arteko harremanen eta elkarlanaren azkartzea, horrek euskal dantzari ekartzen dion onurarekin». Oberena, Ortzadar, Basakaitz, Duguna eta Muthiko Alaiak taldeek parte hartuko dute aurtengo topaketan.
Besta parte hartzaileak
Dantzari lotutako beste ekitaldi berezirik ere izanen da: etzi erraldoi txikien eta motorren topaketa eginen dute. Orozek azaldu duenez, adingabeenganako tratu txarren kontra dagoen motorzale elkarte batek antolatu du. Bestalde, ez dira faltako urteroko ekitaldiak: erraldoiak, zezensuzkoa, kontzertuak, kaldereteak...
Arrotxapean parte hartze eskasak kezkaturik egon dira azken urteetan, eta hala azaldu dute behin eta berriz. Aurten, egoera «hobea» dela azaldu du Orozek. «Hamabost eragile elkartu gara, eta jaiak antolatzen asko lagundu dute». Hala, bestak ongi joateaz gainera, parte hartzaileak izatea ere espero du Jai Batzordeak.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak