Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hitzik gabe komunikatuz

Dokumentuaren akzioak

Hitzik gabe komunikatuz

'Komunikazio-Inkomunikazioa' Kukai eta Tanttakaren ikuskizunak Mikel Laboaren izen bereko lana du inspirazio iturri

Bihar eta etzi izango dira estrenaldi emanaldiak, Bilboko Arriaga antzokian
Egilea
Jonebati Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2013/02/28
Lotura
Berria

Komunikazio-inkomunikazio dikotomiaren begietatik ikusi ohi zuen sarritan Mikel Laboak. Hitzik gabe komunikatzen gara, eta hitzekin inkomunikazioa ere sor daiteke. Gizabanakoak, kolektiboak, munduan zein unibertsoan, etengabeko harremanean bizi gara. Komunikazioan edo inkomunikazioan. Dantzatuz, kantatuz, oihu eginez edo isilik egonda. Elkarrizketak edo bakarrizketak sortuz, personen arteko mugak urratuz, komunikatuz, inkomunikatuz sortzen da Komunikazio-Inkomunikazioa. Hortik abiatuta, «gai unibertsalak» landu dituztela aurreratu du Mireia Gabilondok, ikuskizunaren zuzendariak.

Bihar estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian Komunikazio-Inkomunikazioa elkarlana Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki taldeak. Hedabideen aurrean aurkeztu zuten atzo.

Ikuskizunak kontakizun linealik ez duen arren, barruan ditu komunikazioa eta inkomunikazioa, oso modu ezberdinetan. Maitasun eszena batean, antzerki moduan landuta, pertsonen arteko ulertze eta ez-ulertze momentuak, azken horiek isiltasunaren bitartez adieraziak, edo hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituztelako, mugimendu ezberdina daukatelako...

Laboa inspirazio

Mikel Laboaren izen bereko lana hartu dute abiapuntutzat Mireia Gabilondo zuzendariak eta Jon Maia koreografoak. «Mireiak aspaldi zuen noizbait Laboaren Komunikazio-Inkomunikazioa horri eskua sartzeko gogoa, eta orain dela urte batzuk proiektua aurrera ateratzeko abagunea suertatu zitzaigun», aaldu du Maiak. «Garai hartan bizi ginenontzat aurrerapauso ikaragarria izan zen Mikel Laboa. Komunikatzeko beste modu bat erakutsi zigun, eta inkomunikazioa komunikazioaren parte modura hartuta azaldu zuen», kontatu du Gabilondok. Laboaren lanean argi ikusten da nahi zuena egiteko zuen askatasuna. Hitzik erabili gabe ere, gauza asko adierazteko gai zela soinuekin.

Abiapuntutzat Laboaren Komunikazio-Inkomunikazioa hartu duten arren, aske sentitu direla berretsi dute Gabilondok eta Maiak. «Mikel izan zen inspirazio iturri nagusia; baina, gero, askatasun handiz jokatu dugu. Elementu asko daude agertokian, dantza, musika, antzerkia... Guztiak konbinatuz, modu askean jokatu dugu», azaldu du Maiak.

Kukaik eta Tanttakak elkarlanean egin duten laugarren lana da hau. Hamar urte daramatzate batera lanean, eta Arriaga antzokiaren koprodukzioaren proposamena jaso zutenean, aurreko hiru ikuskizunen aldia (1937. Gogoaren bidezidorretatik, Otehitzari biraka, eta Hnuy illa...) ixteko garaia zela ikusi zuten. «Abentura berri honetan sartu nahi izan genuen, lengoaia gehiago ekarri gurera, beste artista batzuk, guk egindako lanak beste testuinguru batzuetan jarri, kolaborazioak...».

Aurrekoetatik ezberdindu nahian, hainbat lankidetza izan dituzte laugarren lan honetan. Oraingoan, Kukaiko dantzariez gain, Helena Golab dantzari poloniarra; Miren Gaztañaga eta Aitor Beltran aktoreak, eta Iñaki Telleria musikaria ere taularatuko dira.

Estiloak konbinatuz

Dantza tradizionala dantza modernoarekin uztartu dute ikuskizunean. «Kasu honetan oso nabarmena da, ikuskizunean badaude momentu garaikidetik gertuago daudenak, beste batzuk erabat tradizionalak direnak, baita konbinatuta azaltzen direnak ere». Lengoaia guztientzat «eremu komuna» bilatu dute, eta bertan elkartu dituzte guztiak.

Dantza tradizionalaren eta garaikidearen konbinazio hori ezin adierazgarriagoa den adibide bi azaldu dituzte Gabilondok eta Maiak. Batetik, Jone San Martin koreografo donostiarraren parte hartzea izan dute. Frankfurteko The Forshyte konpainia abangoardistako dantzari eta koreografoa da, eta haren lanak ikuskizunari «beste kolore bat» eman diola adierazi du Gabilondok. Kasu honetan, San Martinekin «eremu komun» hori bilatzeko, dantza oso tradizional batetik abiatu dira, aurreskutik, hain zuzen ere. «Beste leku batzuetara nola eraman landu dugu, beste espresio gune batzuetara eramanez. Guretzat hain ezaguna den horri beste irakurketa bat nola eman diezaiokegun aztertu dugu, beste bertsio bat edo», azaldu du Maiak.

Ikuspuntu guztiz ezberdin batetik, Kepa Artetxe dantzari bizkaitarraren kolaborazioa izan dute, euskal dantza tradizionalaren lekukotasuna ematen. Esperimentatzen hasita, flamenkoa ere sartu dute ikuskizunean, Israel Galvan dantzariaren eskutik. Maiak oso pertsonal eta berezitzat jotzen du Galvanen lana. «Berak egiten duena ez du beste inork egiten». Nahiz eta fisikoki ez den agertzen, bere momentua duela azaldu dute. «Itxuraz hain urrun egon daitezkeen mundu horiek naturaltasun osoz elkartu ditugu».

Dantza tradizionala, garaikidea eta flamenkoa uztartu dituzte ikuskizunean Kukai eta Tanttaka taldeek. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak