Dokumentuaren akzioak
Hitzaldi & ikastaroa Jean Bordaxar xiberotarrak emanik aste honetan Buenos Airesen eta ondoren Tandil eta Montevideon
Montevideo, Uruguai. Jean Bordaxar (Arrokiaga, Xiberoa, 1959) Xiberoko kulturako izen handietako bat da, handia izanik Xiberoko kultura tradizionala lantzen, sendotzen, suspertzen, egungotzen eta geroratzen zor zaion lana. A capella kantari ederra, pastoralgilea, dantzaria, musikaria, xirularia, jokolaria... Bordaxar emozioak zinez hunkituta dabil azaroaren 9az geroztik Uruguaiko lurretan, bere kasa, hiru hilabete eta erdiz Diasporako bere familia eta Rio de la Platako Euskal Herria in situ ezagutzen, aurretik bertako euskal kulturaren berri zabala bazuen ere.
Orain arte Uruguain, eta aste honetan Argentinara pasatua, ez da sobera urrundu bere sorleku Arrokiagatik, etxekoen artean baita, Diasporan orain bost bat urte deskubritu zuen familiaren berotasun eta konplizitatea lagun. Hemengo familia eta euren mundua bertatik bertara ezagutzeko xedeak ekarri du hona. Kulturgile arrokiagatarrak ongi eta hurbiletik ezagutzen ditu Diaspora eta bertako euskal ekarria, ez baita ahaztu behar Arrokiaga bere herrian estreinatu zuela 'Joxe Mendiague' pastorala [Mendiague, Otaño... Diasporatik Euskal Herriari egin zaizkion ekarpenen lehen mailako adierazgarri!], eta Kalifornia eta Ipar Ameriketako euskal komunitateetan eta Quebec eta Parisekoetan ere ibili izan dela, kantari, dantzari eta kultura inarrosle.
Aitortu dio EuskalKultura.eus-i han ikusi zituela Diasporako euskaldunak nigarretan arras hunkiturik Euskal Herritik ekarri kantu, dantza eta lekukotasuna eurekin partekatuta; baina honakoa desberdina da, bisita itzultzen ari baitie Uruguaiko kusiei, lehengusuei. 2012an 'Joxe Mendiague' Arrokiagan eman zuenean, ez zuen ezagutzen Uruguaiko bere familia, ez zekien bazuenik, baina duela bost bat urte etorri zitzaizkion sorterrira, 1840etan Mendikota eta Arrokiagatik abiatu ziren haien arbasoen atzetik, eta bi ahizpa, Adriana eta Silvana Gambogi Irigaray ezagutu zituen, eta gero beste kusi bat, Rosana. Egun hauetan, Uruguaiko familiak eman dio liburu bat 1902an Buenos Airesen argitaratua, familian egona, euskarazko hainbat kanturekin... Diasporan posible baita Euskal Herriaz, euskal kulturaz, euskaraz eta norberaren familiaz ikastea.
Aste honetan Iparraldekon, gero Tandil eta Montevideon
Bere bidaia hau pribatua izan arren, Jean Bordaxarrek hartu eta eman ere nahi izan du. Aukera baliatu eta partekatu nahi izan ditu bertako euskal etxe jakin batzuekin berak bizitzan hobeki landu, berritu eta aitzinarazi dituen kultur alorretako batzuk. Honela, aste honetan Buenos Airesera iritsi eta hitzaldia emanen du ostiralean, azaroaren 25ean, 19etan Iparraldeko Euskal Etxean, Xiberoko pastoralaz, eta biharamunean xiberotar dantza ikastaroa, 9etatik 13etara, elkarteko trinketean (izena emateko edo argibidetarako, ibaiak@hotmail.com edo 1137845370, IEE-CVF)
Eta ondotik ber gauza eginen du abenduaren 2 eta 3an Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxean; eta geroago, atzera Montevideon, Unibertsitatean, Norma Rios, Carolina Minaberry eta Leonat Egiazabal lagunak izan dituela lankide hurrenez hurren. Eta onena, urtarrilean alaba Joana etorriko zaio bisitan, segitu ere, Diasporaren transmisioak eta bertatik bertarako ezagutzak, hunkitzeko gaitasunak, belaunaldi berrietan ere segitu behar baitu, aukera eman behar baitzaio segidari, eta hala egingo dute bordaxartarrek. Agian Diasporako lagunak ohartuko dira zein aukera baliotsua izaten ahal diren Jean-en hitzaldi eta ikastaro hauek Xiberoko arima ezagutzeko, eta trumilka hartuko dute parte. Ahal baduzu, bertaratu, irakurle, eta zabaldu hitzordu hauen berri, seguruenik aukera errepikaezina baitira!
Dokumentuaren akzioak