Azpeitiko bost bikote lehiatu ziren atzo Seguran (Gipuzkoa) jokatutako Euskal Herriko 47. Dantza Txapelketan, eta horietako hiruk sariak eskuratu zituzten.
Sari potoloa, txapela eta zapia, iazko irabazleek jantzi dituzte aurten ere, Bergarako (Gipuzkoa) Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok. Hamahiru bikote lehiatu ziren atzo Segurako Baratze pilotalekuan. Ohi dutenez, antolatzaileek sailkapeneko lehen hiru bikoteentzat banatu zituzten sariak, eta hirugarren bikote onenaren saria Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek lortu zuten, txapeldunen eta bigarren sailkatu ziren Maren Galvezen eta Gorka Granadoren atzetik.
Sari nagusiez gain, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek beren lurraldeetako bikote onenei ematen dizkieten sariak alde batera utzita, beste bi sari banatzen dituzte urtero Euskal Herriko Dantza Txapelketan, eta horiek ere Azpeitiko bikoteentzat izan ziren: lehen aldiz parte hartu eta ondoen sailkatutako bikotearentzako Guillermo Areizaga saria jaso zuten Jone Arriaranek eta German Aranburuk; eta dantza jantzi onenaren saria, berriz, Nora Aizpururentzat eta Iker Zabalarentzat izan zen.