Dokumentuaren akzioak
Hiru pastoral izango dira aurten Ipar Euskal Herrian
Pierre-Pol Berzaitzen eskutik helduko da aurtengo pastoral ofiziala. ‘Ni Petti buhame’ Garindainen eginen da eta XIX. mendean ijitoen historia kontatuko du Petti pertsonaia nagusia segituz.Uztailaren 27an eta abuztuaren 3an Berzaitzek idatzi duen «erdi fikzioa erdi historia elkartzen» dituen pastorala eginen da.
Baionan, bestalde, ‘Gerezien denbora’ industrializazioa eta langileen borroka aipatuko duen pastoral hiritarra izango da, Itxaro Bordak idatzia.
Ekainaren 29an portuko enpresek inguratuta eginen den antzezlana bigarren aldiz ikusteko aukera ere izango da Errobiko festibalaren baitan Itsasun uztailaren 20an. Bordak idatzitako istoriari jarraiki egitasmoan parte hartuko duten 200 pertsona inguru gidatuko ditu Beñat Achiaryk.
Azkenik, Jean-Mixel Bedaxagarren gidaritzapean 20 bat emakumek ‘Akitaniako Alienor’en biziaren inguruko pastorala aurkeztuko dute Maulen apirilaren 30ean. Bedaxagarrek neskak soilik izatearen arrazoia argiki adierazi du: «Ez naiz ados orain egiten den pastoralen manerarekin, non gizonak eta neskatilak elkartzen diren».
Dokumentuaren akzioak