Dokumentuaren akzioak
Hiru erregeen konstelazioa
Zimmermann, Zacharias eta Schiff bakarlari entzutetsuak hirukotean arituko dira Musika Hamabostaldian
Frank Peter Zimmerman biolinista eta Christian Zacharias pianista alemanak eta Heinrich Schiff biolontxelista austriarra gaur izango dira Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan hasita. Maisu-hirukoteak Franz Schuberten musikarekin gozaraziko du Hamabostaldiko ekitaldi izarretakoa den kontzertu horretara bilduko den entzulegoa.
Hirukoteak Schuberten pianorako bi trioak interpretatuko ditu. Emanaldiaren lehenengo partean, Pianorako 1. Trioa si bemol maiorrean joko dute. Bigarren partean, berriz, Pianorako 2. Trioa mi bemol maiorrean. Pianorako idatzi zituen bi trio horiek, musikagile austriarrak amaituta utzi zituen obretatik azkenetakoak izan ziren. Schubert 1828ko azaroaren 19an hil zen, Vienan, 31 urte baino ez zituela.
Lehenengo trioa, D. 898 izenekoa, 1827an hasi eta 1828an amaitu zuen, hil baino hilabete batzuk lehenago. Obra hori ez zuen inoiz interpretatuta entzun, 1836an publikatu baitzen, Opus 99 izenarekin.
D. 929 izeneko beste trioa idazten ere 1827an hasi zen, eta urte horretako azaroan amaitu zuen. Obra hau baina, 1828an bertan agertu zen, Opus 100 izenpean, Schubert hil baino lehen. Lana interpretatuta entzuteko aukera izan zuen. Stanley Kubrickek Barry Lindon filmaren soinu-bandarako aukeratu zuen.
Gaur Viktoria Eugenia antzokian izango diren hiru maisuak ez dira lehenengoz elkarren alboan arituko. Zimmermannek Efe agentziari adierazitakoaren arabera: «Bi edo hiru urtetik behin, Europako hiribuetan zehar bira egiten dugu». Bakoitza bere instrumentuarekin, egungo interpreterik interesgarrienetakoak dira. Zimmermann Zacharias eta Schiff baino belaunaldi bat gazteagoa den arren, arazorik gabe elkar ulertzen dute. «Beti tratatu izan naute euretariko bat legez», jakinarazi du. Biolinistak gaur taldekide izango dituen bi lagunak «miresten» dituela esan du eta «asko» ikasi duela euretatik. Emango duten kontzertuari dagokionez, «munduko obrarik zoragarrienetakoak» interpretatu ahal izatea «pribilegioa» dela adierazi du.
Oteiza omentzen azkenak
Jorge Oteiza eskultorea omentzeko Musika Aitzakia egitarauaren barruan prestatutako azken ikuskizun biak ere gaur izango dira, kasu honetan, Arantzazuko Santutegian. Lehenengo ikuskizuna santutegi kanpoan izango da, Oteizaren apostoluen parean. 18:00etan hasitaApostoluen dantza izeneko ikuskizuna ikusi ahal izango da. Bigarren ekitaldia santutegi barruan izango da, 19:30etan hasita. Ekitaldi horretan, Barbara Hendricks soprano estatubatuarrak kontzertua emango du pianoan Love Derwinger lagun duela.
Dokumentuaren akzioak