Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiru emakume koreografo donostiar izango dira "Tabakalera dantzan" zikloan

Dokumentuaren akzioak

Hiru emakume koreografo donostiar izango dira "Tabakalera dantzan" zikloan

Jone San Martin, Olatz de Andres eta Judith Argomaniz izango dira egitarauaren protagonista.
Egilea
Maitane Legarreta Etxezarreta
Komunikabidea
Gaztezulo
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2022/08/08
Lotura
Gaztezulo

Hiru emakume koreografo donostiar izango dira 'Tabakalera Dantzan' zikloan

Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroak Tabakalera Dantzan zikloaren hirugarren edizioa jarriko dute martxan abuztuaren 11tik 18ra, eta hiru koreografo donostiar izango dira bertan parte hartzen. 

Tabakalera dantzan Aditu lanaren estreinaldiarekin abiatuko da. Lan honek dantzaren eta soinu-artearen arteko harremana aztertzen du, zeinu-hizkuntza ere baliatuz. Proposamenak Jone San Martin (Donostia, 1966) beteranoa eta Mikel R. Nieto ditu zuzendaritza artistikoan. Bi emanaldi izango ditu saioak, abuztuaren 11n eta 12an, Tabakalerako patioan.

Olatz de Andresek (Donostia, 1976) Musika Hamabostaldian debutatuko du bere Doppelgänger lanetik ateratako hiru pilularekin: Doppel-Xake, Doppel-C3PO eta Doppel-Leo. Hamar eta hamabost minutu arteko iraupena du kapsula bakoitzak, eta doblearekin proposatutako jolasak eta gizakia gauza edo objektu bihurtzea izango dira ardatz. Tabakalerako hiru gunetan egingo dira emanaldiak, abuztuaren 17 eta 18an, doan.

Judith Argomaniz (Donostia,1983) dantzariak eta bere Lasala konpainiak itxiko dute zikloa, abuztuaren 18an, Dead lanarekin. Emakumeek europar gizartean jasan ohi duten zama emozionalaren ingurukoa da. Lan honen bertsio laburrak (Alive) publikoaren ikuskizun onenaren saria jaso du Valladolideko Kaleko Antzerki eta Artearen Nazioarteko Festibalean.

Ikuskizunetarako sarrerek hamar euroko prezioa dute, doakoak izango diren Doppelgänger kapsulek izan ezik, eta www.musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaaleko nahiz Victoria Eugeniako leihatiletan eskura daitezke. Sarrerarik geratuz gero, emanaldiaren egun berean ere erosi ahal izango dira Tabakaleran, ordubete lehenago.

Dokumentuaren akzioak