Dokumentuaren akzioak
Hiru dantza estilo batera
New Yorken (AEB) sortu zuten gaur Andoaingo Bastero kultur gunean ikusi
ahalko den dantza ikuskizuna. Flamenko dantzari Raul Ortega lanean ari
zen han, eta maitemindu egin zen hango klake, break dance eta hip hop
estiloekin. Horren ondorioz, dantza molde horiek guztiak bilduko zituen
ikuskizun bat prestatzen hasi zen. Horren fruitua da Hermanos de baile ikuskizuna.
Antonio Canalesen eta Rafael Amargoren konpainietan aritu da Ortega. Bilbon ikusi genuen 2000. urtean, dantzari nagusi izan zen La Cenicienta ikuskizunean. Gaurko saioan, Kelian Jimenez izango du flamenko dantza bikote.
Izan ere, gaurko ikuskizuna bikoteka dago antolatuta. Sei
dantzari arituko dira denera, bikote bat estilo bakoitzeko. Hirian
elkarrekin bizi diren jendeen eta dantza tradizioen arteko
elkarrekintza kontatzen du lanak. Elkarri erronka botatzen diote
dantzariek, eta batzuetan bi metro koadro aski dituzte estilo dema
erabakitzeko.
Hector Hope eta Guille Vidal-Ribas dantzariek osatzen dute
break dance-hip hop bikotea. Lehena, UNIQ dantza konpainiako sortzailea
eta koreografoa izan zen, eta hip hopa antzerkira eramaten lehenetako
bat. Bigarrena, Kataluniako hiri dantzen mugimenduko eragilerik
nabarmenetako bat da. Color Dansa konpainian hartu du parte, besteak
beste. Horrez gain, aktore gisa aritu da TV3ko hainbat telesailetan.
Klake eta Afrikako dantzak lantzen dituen Camut Bandeko
dantzari nagusia da Ruben Sanchez. Ludovico Hombravella mexikarrarekin
osatuko du klake bikotea. Mexiko hainbat musika taldeko partaide izan
da, eta telenobeletan aritu da aktore gisa.
Jose Alvarez musikaria arduratuko da zuzeneko musikaz. Hainbat perkusio tresna joko ditu, kaxoi flamenkoa, besteak beste.
'HERMANOS DE BAILE'
Noiz. Gaur, 20:30ean, Bastero kultur gunean (Andoain, Gipuzkoa).
Dokumentuaren akzioak