Dokumentuaren akzioak
Hiru ahots, bakarrean batuta
Hiru ahots elkartu eta bakarra sortuko dute bihar, 19:00etan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Euskal Hiru piezaz osatutako dantza ikuskizun bakarra taularatuko dute NODE, DAB eta Ziomara Hormaetxe konpainiek; Batu, Nun Zira? eta Ahotsak dira dantzatuko dituzten piezak, hurrenez hurren. “Gure historiaz, gure herriaz eta askatasunaz berba egiten duten hiru istorio dira”, zehaztu dute.
Ondarearen, orainaren eta etorkizunaren aldarrikapena da Batu. Begirada etorkizunera jarria, jauzi egin eta argitasunez betetzeko ikuskizuna: “Izan ginena, garena eta izango garena batzen ditu testuinguru artistiko berean. Gure sustraiak ahaztu barik, gure geroa ospatzen du denboran zehar egindako bidaiarekin”. Bidaia bat da beraz, belaunaldi arteko gorputzen, mugimenduen, musikaren eta jantzien barrena.
Nun Zira?-k gizaki izateaz hitz egiten du, partekatzeaz, izatearen existentzia balorean jarrzeaz eta maitzen diren pertsonekin elkar bizitza bat sortzeaz. Ikuslea ikuspuntu beliko batean kokatuz, bikote bat osatzen duten bi dantzariek momentu intimoenetatik abiatu eta giza iraupenaren borrokarik krudelenera arteko bidai bat sortuko dute, “non maitasuna izango den tramaren heldulekua”.
Ahotsak ikuskizunaren bitartez, Ziomara Hormaetxe dantzari gernikarrak bonbardaketa bizi izan zuten bere aitite eta amama omendu gura ditu, baita Gernikako bonbardaketaren biktima guztiak ere. Iloba bezala, eta ondorengo bezala, “beharrezkoa” sentitzen zuen eraso horretan bizirik atera zirenen testigantzak kontatzea eta nabarmentzea. Suntsipenaren hutsuneaz, bakardadeaz, inustiziaz, minaz eta gerren zentzugabekeriaz berba egiten du.
Dokumentuaren akzioak