‘Izan gaitezen elkartasun eta pozaren bidea’ lelopean ospatu zuen hiriburuko Euskal Echeak. Ekitaldia protokolozko ekintzarekin hasi –banderen sarrera, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola, bedeinkazioa eta Aurreskua barne– eta dantza eta kirol ikuskizunarekin jarraitu zuen. Talde jendetsuak osatu ditu eskolak euskal dantzak aurkezteko eta jaiari amaiera emateko, ikasle eta irakasleak, ikasle ohiak eta publikoa batu ditu Fandango, Arin Arin eta Biribilketa dantzatzeko.
Arratsaldean, bestelako proposamenak eskaini zitzaizkien bisitariei, tartean Kirol Eskolako erakusketa, Euskara Standa eta Sukaldaritza Gunea. Euskal Echea-tik jakinarazi digute Sukaldaritza Gunean bildutako dirua TECHO erakundeari dohaintza moduan emango zaiola. Jaiko argazki gehiago, hemen.
Llavallolgo egoitza
Buenos Aires probintziako Llavallolen dagoen Euskal Echearen ospakizunari dagokionez, Aitor Alava dantzari eta irakasleak koordinatu zuen, Mauro Uranga eta Angie Garcia Castro lagun. Hasteko, eta banderen aurrean, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu zuten bildutakoek. Jarraian, bedeinkazioa, Agurra eta agintarien hitzak nolabaiteko sarrera izan ziren dantza ikuskizunarentzat. Aitor Alavak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “dantza berriak ekarri ditugu 2018ko Euskal Jaira; Gipuzkoako Ezpata Dantza, Dantza Luze eta Txakolin dantzatu zituzten lehenengoz gure neska-mutilek. Kaixarranka dantzaren bertsio berezi bat ere aurkeztu genuen, lau mutilek eta lau neskek dantzatuta. Dantza hau prestatzea nire karrerako esperientzia politenetako bat izan da”, adierazi digu dantzariak.
Dantza eta kirol erakustaldia eguerdia pasata bukatu zen. Jaia, berriz, gehiago luzatu zen eta publikoak mikro-ekimenen eta Sukaldaritza Guneko standak bisitatu zituen.
[Kaixarranka dantzaren bertsio berezia aurkeztu du Aitor Alavak aurtengo Euskal Jaian. Neskek ere dantzatu ahal izateko, Euskal Echea-ko ikasleak Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldeko kideekin jarri ziren harremanetan. Taldeak zein Lekeitioko Udalak onespena eman zieten gazte argentinarrei bertsio mistoa egiteko. Alavak azaldu digunez, urteetan mutilek bakarrik dantzatu zuten kaxaren gainean Lekeition baina 2017tik neskek ere egiten dute. Argazki gehiago, hemen (bideoa EE)]