Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hil arte dantzan

Dokumentuaren akzioak

Hil arte dantzan

Egilea
Hedoi Etxarte
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2021/10/09
Lotura
Berria

Josephine Baker dantzaria Iruñetik pasa zenean, 1930eko hamarkadan, mezak egin zituzten haren dantzaldiak debekatzeko, idatzi ziren panfletoak artista franko-estatubatuarra salatzeko, lizunkeria zela egiten zuena, basakeria.

Bere gorputza zuen langai Bakerrek, hala jaso zuen Jo Bouillon-ek Josephine liburuan: «Arrakasta izan behar nuen. Inoiz ez nion saiatzeari utziko, inoiz ez. Biolinistak biolina dauka, margolariak bere paleta; nik neure burua soilik neukan. Ni neu nintzen zaindu behar nuen tresna, Sidney Bechet bere klarineteaz arduratzen zen bezala».

Hala egiten omen zuen, Curreyk jaso duenez, goizero ordu erdiz limoi erdia igurzten zuen aurpegiaren kontra eta beste ordu erdiz nahasketa berezi bat ematen zuen ilean. Horrez gain, hamar ordu baino gehiago egiten zituen egunean dantzan. Folies Bergèren hasten omen zuen iluntzea, eta gero kabaretez kabaret aritzen zen goizalderaino. Orduan auzo pobreetan zegoen bere ohean amiltzen zen bere zakurkumeekin, lauretan neskameak esnatzen zuen arte, eta ostera dantzara.

Baina, Papich Stephen-ek jaso zuen bezala, ez zuen beti hain luze eta sakon lo egin. Amesgaiztoak ere izaten zituen eta goizean goiz lagunei telefonoz hots egiten zien sarri. Eta hasi zen lo ez egiten afera kronikoa bihurtu arte. Arteak bultzatuta ote zen. Anbizioak. Ala bere lehenengo senarrak askoz elegantzia handiagoz esan zuen bezala: «'Josephine, itzali motorra' esaten nion txantxetan. Baina ezinezkoa zen. Funtsean, bazirudien ezin zuela erritmoa jaitsi». Erritmoak gorputza hartu balio bezala.

Gelditzen ez zen makina horrek erregai bakarra kuluxka llaburrena izaten zen. «Sarritan, zurekin hitz egiten ari zen eta, halako batean, solasaldiaren erdian lotan geratzen zen. Handik ordu erdira, halako batean esnatzen zen, lehenago lokartu izan ez balitz bezala, eta gauza berari buruz hitz egiten jarraitzen zuen».

Dokumentuaren akzioak