Dokumentuaren akzioak
Hika konpainiaren 'Hitzak' obraren emanaldiarekin hasiko da gaur dFeria azoka
Martxoaren 21era bitarte, 27 konpainiak 31 obra aurkeztuko dituzte, erdiak baino gehiago estreinaldiak
Asteleheneko programazioan, Hikaren lanaz gain, Tanttaka konpainiaren Soinujolearen semea-ren gaztelaniazko bertsioa (El hijo del acordeonista) ikusteko aukera izango da, Viktoria Eugenia antzokian, 20:30ean. Horrez gain, Spasmo Teatrok e-Book eskainiko du, Ai do project-ek Ojos en la nuca, Loop-ek Aquí y Ahora, Losdedae-k Return eta Complot-ek Autopsia. Spasmo Teatro konpainiaren e-Book haurrentzako ikuskizunaren kasuan, etzi ikusiko dena euskarazko bertsioaren estreinaldia izango da. Espainiakoa da konpainia, baina obraren off-eko ahotsa euskaratu egin du Euskal Herriko emanaldietarako. Spasmoren obrak liburuaren historiaren bilakaeran izan diren etapak erakusten ditu, oso modu xehean, ironiarekin eta ikusizko eta entzutezko efektuekin.
Ertza konpainiaren 'N.A.N.'
Asteartean, Ertza dantza konpainiak N.A.N. estreinatuko du, Asier Zabaleta dantzari eta koreografoak bere herriarekin aurrez aurre jarri eta hainbat aitorpen egiteko beharretik sortutako lana. Harekin batera Inar Sastre izango da oholtza gainean.
Orotara, 27 konpainiaren 31 ikuskizun eskainiko ditu dFeria azokak gaur hasi eta martxoaren 21ean amaitu arte. Horien erdiak baino gehiago estreinaldiak izango dira. Azoka bat da funtsean dFeria, eta programatzaileei konpainien obra berriak ezagutaraztea du xede nagusi, baina antzerkizale ororentzako zabaltzen du aukera hori. Iazko ekitaldia amaitu eta sei hilabetera, parte hartu zuten taldeek 190 emanaldi hitzartu zituzten eta beste 63 hitzartzeko bidean ziren.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.dferia.com/2013/
Klara Badiola, Ane Pinedo eta Ainhoa Aierbe, Hitzak antzerki lanaren entsegu batean. / HIKA
Dokumentuaren akzioak