Dokumentuaren akzioak
Herritar guztientzako ‘Erromeidxe’ ekarriko dute Bermeora ekainaren 7an
11:00etan emango diote hasiera Erromeidxe-ri ekainaren 7an; hain zuzen, alde zaharretik kalejiran abiatuta egingo dute. 14:00etan, berriz, dantza saioa eskainiko dute Goiko plazan, eta bertatik Arostegitik behera, kalejiran joango dira Artza frontoiraino, 15:30ean bertan bazkaltzeko. Bapo jan ostean, berriz, 19:00ak inguruan, dantzaldia egongo da frontoian bertaratutakoak nekatu arte.
Egun horretako bazkaria 400 bat pertsonentzako izango dela eta 23 euroren truke emango dutela jakinarazi dute. Haitz Nagusije elkartea arduratuko da tiketak saltzeaz; maiatzaren 26tik 30era 19:30etik 21:00etara kultur etxean izango dituzte salgai.
Bestalde, Erromeidxe-ko antolatzaileek zozketa bat ere egingo dute; hala, emakumezkoen jantzi tradizionala, gizonezkoen jantzi tradizionala eta alde zaharreko tabernetan gastatzeko bonoak izango dira euro bateko txartelak salduta zozkatuko dituztenak.
Ekainaren 7a aurretik, baina, erakusketa bat jarriko dute ikusgai Nestor Basterretxea aretoan maiatzaren 28tik ekainaren 6ra 19:00etatik 21:00etara. Soinu Tresnak Euskal Herri Musikan izenburupean, 140 tresna inguru aurkeztuko dituzte, sailkatuta eta azalduta. Bideoek eta musikak ere lagunduko dute erakusketa girotzen.
Dokumentuaren akzioak