Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Herriko inauterien parte izanen naiz aktiboki, eta ez pasiboki»

Dokumentuaren akzioak

«Herriko inauterien parte izanen naiz aktiboki, eta ez pasiboki»

Nerabe zenetik nahi izan du Aintzane Marinek (Iruñea, 1985) maskara jantzi. Berrehun urte baino gehiago dira Unanun (Nafarroa) mamuxarroak eta muttuak ateratzen direla. Atzo, arantza kendu zuen. Lehenbiziko aldiz, emakumeek mozorroa jantzi zuten. Marinek, muttuarena.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Aintzane Marin. Unanuko muttuetako bat
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/02/10
Lotura
Aintzane Marin. Unanuko muttuetako bat

Nola bizi dituzu Unanuko inauteriak?

Txikitan, izugarrizko beldurrarekin, eta urte askotan, aukerarik izan banu, ez nintzen joango. Gero, hamabi-hamahiru urterekin, korrika egitera ateratzen nintzen; orduan, urduritasunez eta zirraraz. Hamabost urterekin, kuadrillakoak mamuxarroz ateratzen zirenean, inbidiaz, neskak ginenez ezin genuelako atera. Gero, zenbat eta helduago, beste modu batera bizi duzu.

Nola espero duzu ikusiko dituzula inauteriak maskara atzetik?

Mamuxarro irteten diren guziek oso oroitzapen polita dute; beraz, nik gauza bera sentituko dut. Urduri nago, baina, urduri baino gehiago, pozik, emakume bat aterako den lehen aldia delako, herriko inauterien parte izanen naizelako aktiboki, eta ez pasiboki, orain arte bezala. Polita izanen da; hunkigarria ere bai, agian.

Herrian nola hartu da erabakia?

Orain dela urte batzuk, gaiari buruz hitz egiten zen, baina hor geratzen zen. Aurten pixka bat berotu ginen, eta Ergoienako alkateari esan nion. Azkenean, erabaki genuen aurten ezetz, baina maiatzean hasiko ginela gaia lantzen, herriarekin hitz egiten... Baina igandean mamuxarroak atera ziren, eta, kalean nengoela, kuadrillako bi etorri ziren esanez asteartean mamuxarro irteteko.

Arazorik ez, beraz.

Ez da eztabaidarik izan; ez da hitz egin. Ez da erabaki bat hartu. Gertatu da, eta kito. Jendearekin hitz egin nuen, eta, hasieran harrituta azaldu arren, inor ez zen kontra agertu. Lehenengo aldiz zerbait gertatzen deneko harridura bai. Horrek ez du esan nahi ez denik kontrakorik egongo, baina gauza guztietan bezala.

Orain arte, nola bizi izan dituzte emakumeek inauteriak?

Asko aldatu da: oraingo mamuxarroek ez dute deus ikustekorik nire amaren edo amonaren garaikoekin. Lehen, dena basatiagoa zen. Oraindik ere, berrogeitaka urteko emakume batzuek izugarrizko beldurrarekin bizi dituzte inauteriak.

Zein zen emakumeen rola?

Lasterka egin, ezkutatu eta zain egon, ea noiz iristen zen mamuxarroak joateko ordua. Mutilei ere jotzen zieten, baina uste dut garai batean gehiago jotzen zituztela emakumeak. Orain, mundu guziaren atzetik doaz. Horretan aldaketa izan zen, eta aurten parte hartzaileen generoan ere izango da aldaketa.

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak