Dokumentuaren akzioak
Herriko dantzarien emanaldi arrakastatsua
Aldapan dantzarekin hasi zuten emanaldia eta ondoren, segalariak, ipurdi dantza, boaztetxea, herri dantza, dantzari dantza, txalo eta txalo, zapataria, fandangoa eta arin-arina, Luzaideko dantzak, ipurdikoen dantza, besarkada eta Martxa baten lehen notak, eskaini zituzten Malentxo Arrospide, Eneko Arteaga eta Leire Zubeldiak irakasten dieten dantzariek. Guztiek ikusleen txaloak jaso zituzten amaitutakoan.
Arratsaldean, berriz, herri kirol dema ospatu zen herriko eta Orexako taldearen artean bizikletan, arraunean eta korrika. Ikusle ugari gerturatu ziren plazara partaideak animatzera eta txalotzera. Nesken taldean, Maider, Olatz eta Nagorek osatu zuten Lizartzako taldea eta Eider, Gurutze eta Irenek Orexakoa. Proban berdintsu aritu baziren ere, Orexakoek irabazi zuten bi segundorengatik. Ondoren, mutiletan, Iraitz, Aitzol eta Peru izan ziren herriko taldekideak eta Manex, Ibai eta Gari orexarrak. Lizartzako taldeak zortzi segundorengatik irabazi zuen, 27 minutu eta 56 segundutan amaituz, eta beraz, garaipen orokorra herrian geratu zen.
Jarraian, dantza-soka dantzatu zuten plazan. Aurten Rafa, Gari, Mateo, Iñaki, Xanti, Koldo, Jon, Arkaitz, Peru eta Iñakik dantzatu zuten dantza-soka herritarren aurrean. Jesus Mari Esnaola, Iñaki Azpiroz eta Gotzone Bengoetxea izan ziren txistulariak.
Bestalde, sagardo dastaketa ere izan zen jaietan. Plazako futbol zelaia jendez bete zen sagardotegi ezberdinetako edariak dastatzeko.
Dokumentuaren akzioak