Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herriko dantzak plazara eramatea izango du helburu Errenteriako Erromeria Egunak

Dokumentuaren akzioak

Herriko dantzak plazara eramatea izango du helburu Errenteriako Erromeria Egunak

Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/07/11

Erromeria Egunak bere hamaikagarren edizioa izango du aurten eta denbora horretan, Ereintza dantza taldeak izan du hausnarketarako betarik; izan ere, egoera aldatu egin dela uste dute, baina hobera. Jon Mayak garari azaldu zionez, lehenengo Erromeria Eguna antolatzeko arrazoia dantzaren inguruan eskualdeko mugimendu bat zegoela izan zen, «baina beti ikusle eta dantzarien arteko mugak errespetatuz». Orduan, ekimen hura antolatzen hasi ziren berriz ere plazetako dantza berreskuratzeko. Bi ekinbide jarri ziren abian; batetik, herriko dantzen ikastaroa eta, bestetik, Erromeria Eguna izeneko jai handia, jendeak egun batez behintzat gozatzeko aukera izan zezan. «Ordutik, argi ikusi da Errenterian plaza bat sortu dela. Gaur egun ez da ezohikoa herritarrak dantzan ikustea eta, zentzu horretan, aurrerapauso bat izan dela uste dut».

Sokadantza berezia

Aldaketak aldaketa, Ereintza dantza taldeak herriko jaien aurretik festa hori antolatzeko konpromisoari eutsi dio, eta horren erakusle da uztailaren 18rako prestatu duten egitarau zabala. Parte hartuko duten musikarien artean daude, besteak beste, Alkarkide Txaranga, Ezpeletako Txaranga, Iruñeko Gaiteroak, Oarsoaldeko dultzainero eta txistulariak, Aiko taldea eta, trikitilarien artean, Juan Mari Beltran eta Astiazaran anaiak.

Lehenengo bilkura, beraz, goizeko hamarretan izango da, parte hartzen duten musikari guztiek egingo duten dianarekin batera. Horren ondoren, hamaiketako ireki bat egingo da Esmalteria plazan, nahi duenak parte har dezan. Horren ondoren hasiko dira Erromeria Eguneko motorrak berotzen, trikitilariekin batera, kalez kale egingo diren dantzekin.

Aurtengo berrikuntzen artean, 13.15ean Zumardian egingo den Neskatxen Sokadantza aipatu zuen Mayak. Bere hitzetan, «Sokadantza ohitura handiko dantza da, Errenterian bereziki San Joan bezperan egiten den gizon dantza da. Hori ikusita eta sokadantza egiteko modu desberdinak izan direla ohartuta, nesken sokadantza bat bultzatzea pentsatu dugu». Hala, Ereintzako neskek jardungo dute dantzan Erromeria Egunean dantza hori finkatzeko asmoz.

Kiroldegian egingo den herri bazkariaren ondoren egingo da erromeria nagusia. Batetik, Xabier Olaskoaga plazan Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoek haurrei zuzendu ikuskizun berezia eskainiko dute eta, Zumardian, 17.00etik aurrera, musikari guztiak batuko dituen erromeria izango da.

Dokumentuaren akzioak