Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herrietako inauteriei buruzko saio berezi bat emango dute gaur ETB1en

Dokumentuaren akzioak

Herrietako inauteriei buruzko saio berezi bat emango dute gaur ETB1en

Reyes Pradosek mozorroak jantzi ditu Zubietan, Zalgizen, Mundakan, Asparrenean eta Tolosan

Egilea
Urtzi Urkizu
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/02/09
Lotura
Berria

Euskal Herriko hainbat herritako inauteriak ezagutzeko aukera izango da gaur ETB1eko InautHerriak saioaren bidez (22:15). Reyes Prados kazetariak aurkeztuko du programa, eta tokian tokiko inauterietan murgilduko da mozorroak jantziz. Iturenen eta Zubietan (Nafarroa) joalduna izango da; Zalgizeko (Zuberoa) maskaradan, Zamaltzaina; Mundakako (Bizkaia) aratusteetan, lamina; eta Asparrenean (Araba), borraduna. Tolosako (Gipuzkoa) inauterietako dianara, berriz, pijamaz jantzita joango da.

Pradosek (Sevilla, Espainia, 1982) euskaraz aurkeztuko duen aurreneko saioa da InautHerriak. Udazkenean adierazi zuen ez zuela bere burua oraindik ikusten ETB1eko programa bat aurkezteko moduan. Baina Digytal ekoizpen etxeak egindako eskaintzari berehala eman zion baiezkoa: «Lehen momentuan esan nuen baietz. Erronka bat da niretzat, baina erronka polita. Denbora dezente pasatu dut euskara ikasten, eta orain nolabait erakutsi egin behar dut nola ikasi dudan». Aitortu du «urduri» jarri zela erronka proposatu ziotenean. «Ohituta nago gazteleraz saioak aurkezten eta bat-batekotasuna izaten, baina euskaraz hori ez daukat. Hala ere, oso animatuta nago».

ETB2rako Objetivo Euskadi erreportaje saioa egiten duen lantaldeak grabatu du InautHerriak. «Batera eta bestera ibili gara herrietako inauteriak ezagutzen, eta toki bakoitzeko giroan ondo sartzeko, eramaten duten mozorroa jantzi dut», azaldu du Pradosek. «Joaldunez jantzi nintzenean, joareak sekulako pisua zuen».

Arabako lautadan, bestalde, Asparrenean lan handia egiten ari dira azkeneko urteetan euskal tradizioko inauteriak berreskuratzeko. Egun, Ilarduia, Egino eta Andoaingo herritarrek elkarrekin ospatzen dituzte inauteriak. Herriz herri eskean ibiltzen dira, eta egunaren amaieran lastozko panpina bat erretzen dute. Han ere izan da Prados, soineko puntilladun bat jantzita.

Gaurko saioan, inauteriak Pradosen begietatik erakutsiko dituzte. «Programaren xarma da ikustea ea Euskal Herritik kanpo jaiotako euskaldun berri bat nola moldatzen den estreinakoz tradizio handiko herrietako inauterietan». Kazetariak «aberastasun handia» topatu du aipatutako inauterietan. «Oso politak iruditu zaizkit. Iturenen eta Zubietan joaldunez janzteko protokoloak, adibidez, oilo ipurdia jarri zidan. Sustrai handiko tradizioak dira, eta ikaragarri gustatu zaizkit».

Etorkizunean ez daki ETB1eko saio gehiago aurkeztuko dituen. «Batek daki. Ikusiko dugu ETBk zer erabakitzen duen».

Reyes Prados, Zubietako eta Iturengo inauterietan, joaldunez jantzita.
Reyes Prados, Zubietako eta Iturengo inauterietan, joaldunez jantzita. ETB

Dokumentuaren akzioak